argia.eus
INPRIMATU
12.000 sinadura Bizkaian A-8ko bidesarien aurka
  • AP-8 autobideak urte hasieran egin duen tarifa igoerak erantzun sendoa eragin du Bizkaian, eta zehazki Durangaldean. Herritar talde batek ordainsariak kentzeko plataforma bat sortu du, eta sinadura bilketa abiatu du change.org webgunearen bitartez. Aldarrikapenaren ildotik, Bizkaiko errepide sareari buruzko eztabaida piztu da Batzar Nagusietan.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko urtarrilaren 26a
A-8ko ordainlekua Durangon. Auto eta motoentzako tarifa 2,14 eurotik 2,18ra igo da 2016an.

Argudiatu dutenez, gaur egun A-8k dituen Bizkaiko ordainleku bakarrak Durangaldean daude, eta horrek bertako eta Lea-Artibaiko herritarrei egiten die bereziki kalte. 2016ko tarifak %2,5 igotzeak bereziki sumindu ditu herritar asko, eta honezkero 12.000 sinadura batu dituzte, Bizkaian ordainsari guztiak ezabatzeko eskatuz. Gainera, mozioak aurkeztu gura dituzte eskualde bietako udaletan.

Protestaren harira, EH Bilduk eskaria egin du Bizkaiko BBNNetan. Koalizioaren ustez, “une aproposa da eragile guztien parte hartzea bermatuz –garraiolariak eta auzokideen ordezkariak barne– hausnarketa sakona egiteko”.

Bidesarien gaia lantzeko azterlan batzordea sortzeko eskatu du EH Bilduk. Talde abertzalea garraio publikoa sustatzea ardatz duen mugikortasun eredu baten alde agertu da, eta eredu hori garatzen ez den bitartean behin-behineko irtenbidetzat proposatu du bizkaitarrek hilean 28 euro ordain dezatela gehienez A-8ko ordainlekuetan.

Durangoko Udalean, gobernuan dagoen EAJ plataformaren alde agertu da, eta gaiari buruzko mozioa aurkeztuko du. Hala ere, Aitziber Irigoras alkateak azaldu du bere alderdiak ez duela eskatuko autobidea erabat doakoa izatea. Helburua Durangaldeko herritarrentzat A-8ko bidesarien zama ahalik eta gehien arintzea dela esan du Irigorasek.