ELA, LAB, STEE-EILAS, UGT eta CCOO sindikatuek urriaren 22an eta 24an ordubeteko geldialdia egitera deitu dituzte Kristau Eskoletako langileak. Hitzarmen berria adosteko eskatuko dute lanuzte horren bidez.
Sindikatuek salatu dutenez patronalak Espainiako lan ituna ezarri nahi die langileei, oraingo akordioa baino baldintza eskasagoetan. Rajoyren gobernuak onartutako lan-erreforma baliatuz, langileen ordezkariek diote patronalak haien hitzarmena urratu duela. Akordio berria egin artean aurrekoak indarrean jarraituko zuela biltzen baitzuen orain arteko hitzarmenak.
Aurretik ere izan zuten gatazka sare kontzertatuetan dauden ia 12.000 langileek. 2010ean, Espainiako Gobernuak langile publikoen soldatak %5 jaistea erabaki zuenean, Jaurlaritzak diru gutxiago bideratu zuen itunpeko sarera, soldatak jaistekotan. Langileek auzitara jo zuten orduan, behargin publikoak ez direla argudiatuta. Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoi eman zien eta dirua itzultzeko agindu zion patronalari.
Irailaren 26ko egun osoko lan uztearen ondotik datoz berriki iragarritako mobilizazioak, patronalak pausorik eman ez duela iritzita.
Gainera, sindikatuetako ordezkariek datorren urriaren 29rako kontzentrazioak iragarri dituzte erkidegoko hiriburuetan. Eta ohartarazi dute haien eskaeren inguruko erantzunik jasotzen ez badute azaroaren 25etik 29rako astean mobilizazio eta lanuzte gehiago deituko dituztela.
Horrez gain, aipatu sindikatuek Eusko Jaurlaritzak “hitzarmendun hezkuntzak bizi duen egoera larrian erantzukizun zuzena” duela uste dute, eta lehenbailehen adostasun batetara iristeko bitartekaritza lanak egin ditzala eskatu diote.