argia.eus
INPRIMATU
12.000 lagun inguru irten dira kalera pentsio publiko duinen alde
  • Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste 30 bat udalerritan egin dituzte pentsio publiko eta duinen aldeko mobilizazio jendetsuak. Borrokan jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 15a
Pentsio publikoen aldeko mobilizazioa Bilbon. Argazkia: Ecuador Etxea.

Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bizirik dirauela argi geratu da asteburu honetako mobilizazioetan. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean antolatutako manifestazioetan, Espainiako Estatuko gobernuari hainbat eskaera egin dizkiote: “2010eko eta 2012ko lan-erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen alderdi atzerakoiak indargabetzea eta Kongresuan iragarritako murrizketa berriei uko egitea”.

Berria egunkariak jaso duenez, Toledoko itunak egindako gomendioen aurka egin dute mobilizazioetan. Pentsiodunen aldarrikapen nagusiak baztertu dituztela salatu dute. Jon Fanok, pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak, pentsiodunen borrokak “lorpen txikiak” lortu dituela adierazi du, baina protestak jarraituko dutela azpimarratuz, eskatutako aldarrikapen nagusien erantzun irmo bat lortu arte. Sindikatuekin, emakume taldeekin, gazte erakundeekin eta beste zenbait eragilerekin koordinazioa eta elkarlana sustatu nahi du mugimenduak.

Bilboko manifestazioa izan zen garrantzitsuenetako bat. 3.500 lagun inguru hurbildu ziren, Moyua plazan hasi eta ohi bezala, udaletxean bukatu zen. Mobilizazioen deialdiak deszentralizatu egin behar izan dituzte, pandemiaren aurkako neurriak herrien arteko joan-etorriak galarazten dituztelako, ondorioz, 30 herri baino gehiagotan egin dira mobilizazioak. Mugikortasun murrizketak indarrean jarraituko dutenez, Pentsiodunen Mugimenduak Bizkaiko beste herri batzuetan ere kontzentrazioak egiteko deia egin du: Ondarroan, Lekeition, Durangon, Elorrion, Zornotzan, Balmasedan, Portugaleten, Barakaldon, Sestaon, Berangon, Leioan eta Larrabetzun.

Beste erakunde batzuen babesa

Beste hainbat erakunde ere batu ziren Pentsiodunen Mugimenduaren borrokara: Euskal Herriko Gutun Soziala; ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Etxalde, Hiru, CNT, CGT eta LSB-USO sindikatuak; Babestu zahar etxetako egoiliarren senideen elkartea; Mugimendu Feministako hainbat plataforma eta Eragin, Ernai, Bilboko GKS, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gu ere Bilbo Gara eta GK Bilbo gazte-kolektiboak.