argia.eus
INPRIMATU
1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan
  • Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 19a

Hainbat eragilek salatu dute armada sionistak sekretupean gordetzen dituela bere buruaz beste egin duten soldadu edo soldadugaien datuak. Suizidioak aktiboki ezkutatzen ere aritu izan dela jakinarazi dute hedabide ugarik, “alderdi berekoen suak” hildako gisa zerrendatuta, edo baja militar bezala erregistratu gabe.

Beren buruaz beste egiten dutenen profila aldatuz doala ere adierazi dute ikerketek. Ohikoagoa da armadan sartu berri diren gazteen artean izatea kasu gehienak, baina Gazako azken genozidioan 30 eta 40 urteko pertsonen suizidioek gora egin dutela jakinarazi dute. Haaretz hedabide israeldarrak hamar kasu argitaratu ditu azken hilabeteetan, baina hainbat iturriren arabera kopurua askoz altuagoa da.

Kazetariek publiko egin izanagatik, kasu batzuk onartu egin behar izan ditu armada sionistak. Armadaren bertsioan ez da loturarik aipatzen suizidioen eta Palestinako sarraskiaren artean, baina familiekin eta gertuko iturriekin hitz egin duten kazetariek jakinarazi dute arazo psikologiko larriak sortu dizkiela palestinarrei egiten dizkieten gauzak ikusteak. “Edonon barreiatutako gorpuen usaina burutik kendu ezinda, gauetan lorik egin gabe” zegoen soldadu israeldarretako bat, gertuko batek Haaretzi kontatu dionez.

Armadak emandako datu ofizialen arabera, azken 50 urteetan 1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste. Hala ere, Israelgo armadaren datuak zalantzan jarri eta zerrenda askoz luzeagoa dela diote adituek.