argia.eus
INPRIMATU
12 urtetik beherakoentzako doako garraio publikoa EAEra iritsi da: Araba asteartean hasi da eta Bizkaia eta Gipuzkoa otsailean
  • Pilaketak saihesteko, Euskotrenek aparteko neurriak ezarri ditu Bat txartel pertsonalizatua tramitatzeko. Neurriaren lehen hilabetean, nahikoa izango da NANa edo familia-liburua aurkeztea doako garraioa eskuratzeko.

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 08a
Tranbia Gasteizen calafellvalo (CC BY-NC-ND 2.0)

Asteartetik aurrera, Arabako 12 urtetik beherakoek doan bidaiatu dezakete lurraldeko garraio publikoan. Doakotasuna dagoeneko aplikatzen zaie Gasteizko tranbiari, Alavabus zerbitzuari eta Tuvisa udal garraioari. Onuradun izateko Bat txartel pertsonalizatua eduki behar da, eta horren jaulkipena indartu du Euskotrenek, bezeroarentzako arreta zerbitzu bereziaren bidez. Hilabeteko trantsizio epean, nahikoa izango da nortasun agiria edo familia liburua aurkeztea kosturik gabe bidaiatzeko.

Bizkaian eta Gipuzkoan, otsailean

Bizkaian, otsaileko lehen astetik aurrera jarriko dute martxan neurri hori. Nahitaezkoa izango da Barik txartel pertsonalizatua lortzea, eta, besteak beste, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP), Metro Bilbaoren, Euskotrenen, Renferen eta Bilbobusen bulegoetan tramita daiteke. Tramitea egiteko tutore baten presentzia beharrezkoa da, eta horrek adingabearen NANa edo familia liburua aurkeztu beharko du. Gainera, erakundeek iragarri dute urteko bigarren seihilekoan doakotasuna 13 eta 14 urtetik beherakoei zabalduko zaiela, eta Jaurlaritzak onartutako adin tartea zabaldu.

Bestalde, Gipuzkoak urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran ezarriko du doakotasun hori. Adingabeek egungo Mugi gazte txartela izan beharko dute, eta, horri esker, doako tiket bat eskuratuko dute doan, eta gidariari erakutsi besterik ez dute egin beharko. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak ere ekainaren 30era arte txarteletan %50eko deskontua mantentzea onartu du, gainerako lurraldeetan bezala.

130.400 haur

Euskadiko Garraio Agintaritzak joan den abenduaren 23an onartutako neurri baten arabera, 12 urtetik beherakoentzako doakotasunak eta urte erdira arteko %50eko deskontuek 130.400 umeri egingo diete mesede EAEn. Eustaten datuen arabera, 130.400 haurrek jasoko dute deskontua: 22.000k Araban, 65.000k Bizkaian eta 43.300ek Gipuzkoan.

Aldi berean, Bizkaiko BGPren kontseiluak asteartean onartu ditu 2025erako garraio-tarifak, eta batez beste %3,4 igoko dira otsailaren 20tik aurrera. Gehien erabiltzen den txartelak, Creditransek, hiru zentimoko igoera izango du, eta Gizatransek, 65 urtetik gorakoentzat eta desgaitasuna dutenentzat, bi zentimokoa.