argia.eus
INPRIMATU
12 urteko mutikoa bortxatzea leporatzen diote Betharramgo ikastetxe katolikoan lanean ari den begirale bati
  • Indarkeria fisikoa eta sexuala jasan izana salatua duten Betharramgo Notre Dame ikastetxeko kasik ehun ikasleei beste 26 salaketa batu berri zaizkie. Horien artean, oraindik ikastetxean lanean ari den begirale baten kontrakoa dago: 12 urteko mutikoa bortxatu zuela frogatu dezakete.

ARGIA @argia 2024ko uztailaren 16a

Zuberoatik hurbil, Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikora Euskal Herriko haur andana joan da ikasketak egitera, eta salaketak egin dituztenen artean ere badira batzuk. Ehun testigantza ingururen berri eman genuen ARGIAn, ikastetxean pairaturiko bortizkeria fisikoa eta hitzezkoa, sexu indarkeria eta bortxaketak kontatzen dituztenak. 1960ko hamarkadatik ia 2000. urtera arte doazen kasuak dira, eta jomugan dituzte hamar bat apaiz, zaindari laiko eta ardurak zituzten ikasle zaharragoak, gehienak hilak.

Uztaila hasieran, beste 26 salaketa jarri dituzte Paueko Auzitegian, eta Kazetan kontatu dutenez, kasu horietako batzuetan kontatzen dena oso gogorra da, eta aldi berean, itxaropena dute jarrita, frogak tarteko: 12 urteko biktimaren amak mezu bat bidali zion medikuari, semeak uzkiko oinazeak zituela jakinarazteko; eta erasoaren gauean mutikoak ihes egin zuen Betharrametik etxera. Gertakariak ez daude preskribatuta eta erasotzailea ikastetxean bertan lanean ari da oraindik.

Betharramgo biktimen elkarteko bozeramaile Alain Esquerrek Kazetan dio kezkagarria dela ikusten ari diren guztia: “Ez gara, inolaz ere, mugara heldu”. Joan den urtarrilaren 31tik, 102 salaketa aurkeztu dituzte Paueko auzitegian. Lotsagatik, beldurragatik edo dena delakoagatik uzkur diren biktimak salaketa jartzera animatu ditu Esquerrak, taldearekin harremanetan jarrita: biktimdebetharram@gmail.com.