argia.eus
INPRIMATU
12 urteko haur baten kontrako gehiegikeriengatik epaituko dute Sarramagnan apaiza Baionan
  • 2016ko apiriletik akusaziopean dago Jean-François Sarramagnan apaiza, eta maiatzaren 11n epaituko dute.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 09a
Marc Aillet apezpikua kasuaren gaineko azalpenak ematen (Isabelle Mikelestorena)

1990an, Baionan, 12 urte zituen biktimaren kontra “limurkeriazko atentatua” burutzeagatik joango da auzitara apaiza. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak jarri zuen akusaziopean 2016ko apirilean, eta ekainean Baionako Instrukzio Epaitegiak hartu zuen auzia bere gain. Sarramagnan aske baina kontrol judizialpean dago ordutik Tournay herriko abadian.

Apaizak berak onartu ditu gertakariak, eta garai hartan Baionako apezpikua zen Pierre Molères eta egungo Baionako apezpikua den Marc Aillet-ek adierazi dute beraiek ere gertakarien berri bazutela, nahiz eta hauek isilean gorde. Baionako prokuradoreak ez du jakinarazi, ordea, egungo apezpikua auzipeturik dagoen ala ez.

2007an neska gazte batek ere antzerako salaketa bat jarri zuen, zeinari ez zitzaion jarraipenik eman. Auziak salaketa hau mahaigaineratuko duen ere ez du argitu prokuradoreak.