argia.eus
INPRIMATU
12 milioi neska ezkonarazten dituzte urtero munduan
  • Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (Unicef) maiatzaren 3an argitaratu duen azterketaren arabera, haurren ezkontzak behera egin du munduan, baina oraindik badira munduan haurtzaroan ezkondu diren 640 milioi pertsona. Urtero gurasoek 12 milioi haur ezkontzen dituzte, gehienak, jakina, emakumeak dira.

Axier Lopez @axierL 2023ko maiatzaren 09a

Unicefeko zuzendari Catherine Russell estatubatuarraren arabera, “osasun eta ekonomia krisiak, gatazka armatuen gorakadak eta klima aldaketaren ondorio suntsitzaileek eragin zuzena dute familiek haurren ezkontzan segurtasun sentsazio faltsua bilatzean”.

Txostenean azpimarratzen denez, haurtzaroan ezkontzen diren neskek berehalako eta bizitza osoko ondorioei egin behar diete aurre: eskolan egoteko aukera gutxiago dute eta haurdunaldi goiztiarra izateko arrisku handiagoa. Horrek, aldi berean, haurren eta amen osasun arazoak eta heriotza arriskua areagotzen du.

100 herrialde baino gehiagoko datuetan oinarrituta osatu dute analisia, eta horren arabera, neskak beren familiatik eta lagun artetik isolatzea eragiten du umeen ezkontzak, baita komunitateetan parte aktiboa izateari uzteko arriskua handitu ere. Are gehiago, umeen ezkontzak larriki eragiten dio buru osasunari eta ongizate orokorrari.

Unicefen datuen arabera, hegoaldeko Asia 55 urte barru haurren ezkontzak ezabatzeko bidean dago, nahiz eta eskualde erraldoi horretan neska ezkonduen ia erdia (%45) bizi den. Hirutik bat indiarra da. Munduko bigarren proportzio handiena duen zonaldea Saharaz hegoaldeko Afrika da (%20). Erdialdeko eta Hego Amerikan eta Kariben 58 milioi neska ezkonduta daude.

Erosteko ahalmen gehien duten gizarteetan ez da oso ohikoa haurren ezkontza, baina pobretuenen artean ohikoagoa izaten jarraitzen duela dio Unicefek. Txostenean azpimarratzen dutenez, gatazka armatuek, klimarekin lotutako hondamendiek, COVID-19aren ondorioek, diru-sarreren jaitsierak, eskola uzteak eta, bereziki, pobreziaren gorakada orokorrak haurren ezkontza bultzatzen duten baldintzak sortzen laguntzen dute.

Klima aldaketa eta umeen ezkontzak

Hasiera batean lotura zuzenik ez duten bi gai direla iruditzen bazaigu ere, Unicefek ateratako ondorioek erakusten dute klima aldaketak eragiten dituen muturreko fenomeno meteorologikoek neskatoak ezkonduak izateko arriskua handitzen duela.

“Frogek erakusten dute fenomeno meteorologikoek zerikusia dutela haurrak ezkontzeko arrisku handiagoarekin. Hondamendi metereologikorik gertatu den urtean, %18 igotzen dira batez beste haurren ezkontzeak, hau da, bost urtez egindako aurrerapenak  ezabarazten ditu aldi batean”, dio analisiak.