argia.eus
INPRIMATU
12.2 aldatu, erabakia edonoiz
  • Zer gertatzen da ebaluazio arautegiko 12.2 artikuluarekin unibertsitatean? Pasa den martxoaren 11an Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) Leioan aurkeztu genuen, orduz geroztik ikasle ugari antolatu eta mobilizatu da Ebaluazio Arautegiko artikulu hau bertan behera geratzea eskatzeko.

Unibertsitateko Indar Batasuna UIB 2019ko apirilaren 05

Ikasle hauen aldarrikapen hau gauzatzeko duten premiaren froga da bi asteetan zehar 7.500 sinaduratik gora lortu izana. Zifra horren tamaina behar bezala neurtzeko, ikus dezakegu azken hauteskundeetan 2016an UPVn 40.352 ikasle inguru zeudela eta  gure errektoreak 1.074 bozka lortu zituela unibertsitateko ikasleen partetik. Fakultate guztietako bazterrak nahastu ditugu; ikasgelak banan- banan bisitatu eta ikasle bakoitzari patxadaz azaldu diogu artikulu honek zein ondorio dituen guregan.

Baten bat bere buruari galdezka ariko da zer demontre dioen artikulu honek horrelako iskanbila sortzeko. Funtsean, ikasleak ikasgai bateko deialdiari uko egin nahi badio kurtsoa amaitu baino hilabete lehenago adierazi behar duela dio. Ez da txantxetako kontua! Momentu honetan bertan artikulu hau aplikatzen ez den tokietan, ikasle batek azterketara ez aurkeztearekin Ez-Aurkeztua kalifikazioa jasoko du eta ez du deialdia galduko. Araua betearazten den tokietan, aldiz, ikasleak hilabete lehenago erabaki behar du deialdi bat galtzeko arriskua hartu ala ez. Arrisku bat dela esaten dugu, ikastaldia bukatu baino hilabete lehenago zaila delako aurreikustea gure ikasketa prozesuak zer nolako eboluzioa izango duen.

Artikulu honen ondorioz, esan dezakegu, ikasleok geure ikasketak aurrera eramateko autonomia galtzen dugula, erabat dependente eta sumiso

Artikulu honen ondorioz, esan dezakegu, ikasleok geure ikasketak aurrera eramateko autonomia galtzen dugula, erabat dependente eta sumiso bihurtuz

bihurtuz. Ebaluazio arautegiak berarekin baitakar etorkizuneko soldatapeko lanean beharrezkoak izango diren diziplinamendua, erritmo azkarrak, nagusiaren behar eta nahiaren arabera gure bizia moldatzea, gure arteko konpententziak. 12. 2 artikulua ere norabide horretan ulertu behar dugu.

Ebaluazio arautegi honek, Bologna prozesuaren beste ondorio bat adierazten du: ebaluazio jarraia eta pedagogikoa helburu zituen prozesuaren porrota. Guztiok jakinaren gainean gaude ebaluazio jarraia ehuneko txiki batean bakarrik dagoela martxan gaur egun UPVren baitan, eta  errealitatean oraindik ere azken probek pisu handia dutela ebaluazio irizpideei dagokionez. Ohikoa den bezala langileon interesak alde batera geratu dira ebaluazio arautegi horrekin.

Esan bezala, sekulako ahaleginak egin ditugu  problematika hau konpontzeko: sinadurak bildu ditugu, arazoa lau haizetara zabaldu dugu, Ikasle Kontseiluarekin bildu gara, Errektoretzarekin, Graduko Batzordeko irakasle guztiei idatzi diegu gure proposamena banan-banan… Sinatzaileek argi eta garbi frogatu dute unibertsitatean arau honekiko dagoen aurkakotasuna, baina UPVren organo bakar batetik ere ez digu fruitu esperantzagarririk eman: Ikasle Kontseiluak eztabaida ezin izan du gai ordenean ere sartu, errektoretzak ezer  ezin duela egin dio (sinesgaitza bada ere), irakasle askok ez dute erantzun ere egin… Guztiek esaten dute arazoa ulertzen dutela, eta kontuan hartu behar dela, baina “ordezkatzen gaituzten” organo bakar batek ere ez dio gure hitzari jaramonik egin. Langileon hitza baztertua izan da berriro ere.

Guk argi dugu, ordea, errektoretzak arlo honetan duen erantzukizuna osoa dela. Errektoretzak du UPVren baitan hartzen diren erabaki guztien erantzukizuna, eta beraz, gai horrek duen urgentziaz jakitun izanda, aldarrikapen hau ahalik eta azkarren eta egokien kudeatu dezala eskatzen diogu. Hiru aste hauetan zehar lortu dugun ikasle mugimenduak eta 7500 sinadurek  erakusten baitute ikasleon berehalako beharra dela ebaluazio arautegiko 12. 2 artikulua bertan behera uztea.

Gaur gaurkoz, ikasleon interesak azken planoan kokatzen dira unibertsitate eremuan, 12. 2 artikuluaren auzia eremu horretan kokatzen dugu. Organo guztietan indar eta hitz gutxiena dugunak gara, egoera hori iraultzea dagokigu ordea. Gu guztion indarrak batu behar ditugu eta ozen oihukatu 12. 2 artikuluaren deuseztatzearen beharra dugula. Horretarako, apirilak 11n eguerdiko 13:00tan egingo den mobilizazio nazionalerako dei egiten diogu, gure aldarriarekin bat egiten duen orori. Mobilizazio horren bidez, 12.2  artikulua bertan behera ahalik eta azkarren gera dadila eskatuko dugu.

Indarrak batuz, gaitasunak biderkatu!                                                                                                                              Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB)