Une delikatua igarotzen ari den zure lagun minak Taylor Swiften kontzertura joatea proposatu dizu, baina kide zaren elkarte ekologistak elkarretaratzea deitu du, abeslariak sortuko duen kutsadura salatzeko; nora joango zara? Dilema etiko horri erantzun diote gazteek, baita Silvia Federiciren iruzkin bati ere, Euskadiko VII. Olinpiada Filosofikoaren finalean.
45 ikastetxetako ikasleek 524 lan filosofiko aurkeztu dituzte aurtengo edizioan. Gaia zaintza izan da: “Ingurunea zaintzea, pertsonak zaintzea eta norbera zaintzea”. Horiei bueltaka aritu dira eskoletan, bost modalitatetan: DBH1-2ko ikasleak (12-14 bat urte) marrazki bidez hausnartu dute zaintzaren inguruan, eta batez ere ingurumenari lotutako marrazkiak egin dituztela kontatu digu Agora Filosofia Elkarteko kide Garazi Pascualek. Agorako hezkuntza irakasle hainbatek antolatzen du olinpiada, boluntarioki. “Marrazkiaren irabazlea harago joan da eta gehiegi zaintzea eta babestea txarra izatera irits daitekeela irudikatu du, gehiegi ureztatutako landare bat, gainezka, metafora interesgarria”.
Argazki eta bideo modalitateetan DBH3tik Batxilergoko 2. mailara arteko gazteek hartu dute parte (14-18 urte ingurukoak), eta ikasleek denetarik bidali dutela aipatu du Pascualek, osasun mentala adibidez oso presente egon dela lanetan. “Orokorrean, modalitate guztietan ikuspegi feministak protagonismo handia izan du, eta esanguratsua da, irabazle guztiak neskak dira, finalista ia guztiak bezalaxe, eta prozesua era anonimoan egin dugu, lanak aukeratu ditugu haien identitatea ezagutu gabe. Badirudi oraindik ere nesken bizitzak gehiago zeharkatzen dituela zaintzak, gazteak direnenak ere bai”.
Adiskidetasuna vs. ingurumena?
Dilema etikoa izan da laugarren modalitatea: DBH 3-4ko ikasleek (14-16 bat urte) argudiatu dute ea lagun minarekin kontzertura ala elkarte ekologistaren elkarretaratzera joatea erabaki duten. “Erabakia dena delakoa, arrazoiketa da aintzat hartu duguna. Irabazleak elkarretaratzera joatea defendatu du, adiskidea ongi ez badago kontzertu batek ez diolakoan benetan lagunduko eta laguntzeko beste modu batzuk badaudela iritzita. Aldiz, kontzertura joatea defendatu duenik ere izan da, lagunaren alboan egoteari garrantzia emanez, ingurumenaren aldeko ekintza puntual horretara ez bertaratu eta beste egun batean halako ekintzetan parte har dezakeela azalduta”.
"Eguneroko gaiak lantzen ditugu ikuspegi filosofikotik, eta ikasleei oso erakargarria zaie lehiaketa formatua"
Emakumeak zaintzaile
“Emakumeak berez zaintzaileak direla normalizatzeak kalte handia egin du”. Horrela hasten da olinpiadarako hautatu duten Silvia Federiciren iruzkina. Batxilergoko ikasleek (16-18 bat urte) disertazioa egin dute, testuaren gainean. “Halako testua izanik, ezinbestean feminismotik egin dute irakurketa ikasleek: lan ikusezin hauen aldarrikapena, kapitalismoak zaintza lanen egituraketan duen eragina…”, kontatu digu Garazi Pascualek.
Ikasleek egun bateko epea izan dute bai dilema etikoa bai disertazioa egin eta entregatzeko, eta joan den otsailaren 21ean egin dute sari banaketa. Modalitate bakoitzetik 10-12 finalista gerturatu dira, baina hiru baino ez dira oholtzara igo, euren lana defendatzera. “Hiru horien artetik aukeratu du epaimahaiak zein den irabazlea, zein bigarrena eta zein hirugarrena, eta erronka polita da, ahozko defentsak garrantzia hartzen duelako”. Epaimahai lanetan aritu dira Maitane Nerekan Agora Elkarteko lehendakaria, Ana Iturbe Berritzegune Nagusiko kidea eta filosofoa, eta Eva Otero kazetaria eta haur filosofian aditua.
Orixe BHIko Iraia Etxabek irabazi du Marrazki Filosofikoa kategorian, Elkar-Hezi ikastetxeko Eider Urzelaik Argazki Filosofikoan, Arrasate BHIko Ariana Nespereirak Bideo Filosofikoan, Beasaingo BHIko Lorea Zabaletak Dilema Etikoan, eta Lauro ikastolako Garazi Ibasetak Disertazioan. Espainiako Estatu mailan antolatzen da olinpiada, eta EAEko garaileak, Nafarroakoekin batera, gainerakoekin lehiatuko dira aurrerago.
Pentsamendu kritikoaren garrantzia
“Filosofiako irakasleak gara, eta halako ekimenek laguntzen digute filosofiara beste era batera iristen –dio Garazi Pascualek–: batetik, eguneroko gaiak lantzen ditugu ikuspegi filosofikotik; bestetik, nahiz eta lehiaketa formatua beti ez den nire gusturako formaturik egokiena, ikasleei oso erakargarria zaie”. Olinpiadak gero eta parte-hartze handiagoa du eta “hori garrantzitsua da, pentsamendu kritikoa benetan garatzeko lagungarri dira halakoak. Azken finean, Hezkuntza Sailari ahoa betetzen zaio pentsamendu kritikoa bezalako kontzeptuekin, baina zentzuz hustu dute”.