argia.eus
INPRIMATU
12-13 urterekin hasten dira EAEn pornografia ikusten
  • Nerabeak galdekatu ditu Save The Childrenek, pornografiarekin duten harremana aztertzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, hamarretik zazpik pornografia ikusi du noizbait, 12-13 urterekin izan dute lehen kontaktua, eta hamar nerabetik hiruk dio pornografiak “eragin handia edo nahiko handia” duela bere sexu harremanetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko irailaren 22a

267 neraberi egin diete galdeketa EAEn (Espainiako Estatuan, 1753ri). Galdekatutakoa mutila edo neska izan, aldea dago: hamar mutiletik bederatzik ikusi du noizbait pornografia, eta nesken artean berriz, erdiak. Doako webguneak dira pornografiarako sarbide nagusiak.

Inkestan parte hartu dutenetatik erdiak baino gehiagok uste du bere pornografia kontsumoa arduratsua dela eta bere sexu-praktiken eta pornografiaren artean bereizteko gai dela dio, baina seitik ia batek uste du bere sexu-harremanak eta pornoan ikusten duena antzekoak direla. Gainera, %33,4aren sexu-harremanetan eragin handia edo nahiko handia du pornoak. Pornografian ageri diren praktika arriskutsuez (adibidez preserbatiborik ez erabiltzea), hierarkiez edota genero ikuspegiaz ere galdetu diete gazteei. Lotura honetan irakur daiteke txostena osorik.

"Uste dute asko dakitela, baina funtsezkoena ez dakite"

Gaia sakon jorratu genuen ARGIAn, eta ondorioetako bat izan zen oraindik ere gutxi eta modu okerrean irakasten zaiela haur eta gazteei sexualitatea, ikastetxean eta ikastetxetik kanpo. Azken finean, tartean pornoaren eraginez, “gazteek kontzeptu asko dakizkite (cunnilingusaz hitz egiten dizute, esaten dizute demisexualak edo pansexualak direla…) eta uste dute asko dakitela, baina gero funtsezkoena ez dakite, beren azalaz, gorputzaz eta gustatzen zaienaz gutxi dakite”, azaldu zigun Olatz Berastegik, eta horiek dira, besteak beste, sexu heziketan landu beharrekoak.

"Nola lagunduko diezu filtroak jartzen, ezin bada horretaz hitz egin?"

Pornografiari ezikusia egin baino, jorratzearen aldeko apustua egiten zuen Mikel Oribek: “Errealitate horren aurrean bestaldera begiratzea baino egokiagoa da horri buruz eztabaidatzea, baina gai tabua da ikastetxeetan. Nola lagunduko diezu ikusten duten horri filtroak jartzen, ezin bada horretaz hitz egin? Eta gurasoek beti oso ume ikusten dituzte seme-alabak, uste dute ez dutela pornorik ikusten, eta ez da egia”.