argia.eus
INPRIMATU
%11k baino ez du uste bere herrian hitanoa egoera onean dagoenik, inkesta baten arabera
  • Badihardugu euskara elkarteak egindako inkestaren arabera, parte-hartzaileen %55,6k dio bere herrian hitanoaren egoera kaskarra edo oso txarra dela. %5ak baino ez du uste bere herrian nokaren egoera ona denik eta tokaren kasuan %24k.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko urtarrilaren 15
287 herritako emaitzak jaso dituzte inkestan. Hala ere, Badihardugu elkartea, batez ere, hitanoa bizirik dagoen herrietako emaitzak ari da aztertzen. Infografia: Badihardugu euskara elkartea.

Deba ibarreko Badihardugu euskara elkarteak 2022ko abenduan egin zuen inkesta hilabetez. 4.215 erantzun jaso dituzte eta 287 herritako pertsonek erantzun dute 28 galderako galdetegia. Inkestaren helburua, bizirik dagoen herrietan, hitanoak zein egoera duen aztertzea izan da. Zazpi herrialdeetako biztanleen erantzunak jaso dituzte. Erantzun gehien Gipuzkoan jaso dira, 3.000tik gora, ia lautik hiru. Inkesta emakumezko gehiagok bete dute gizonezkoek baino (% 58,8). Galdetegiaren lehen zatian norberaren herriko hitanoaren egoeraz galdetu dute, eta bigarren zatian, hiztunak hitanoarekin izan duen esperientziaz. Bigarren zatia 2.674 pertsonak erantzun dute, %63,4k, izan ere, galdetegia bete duten guztiak ez ziren hitano hiztunak.

Infografia: Badihardugu euskara elkartea.

Elkarteak, emaitzak aztertzen ari den bitartean, hainbat ondorio aurreratu ditu:

- Inkesta bete dutenen gehiengoak bere herrian hitanoaren egoera eskasa eta oso txarra dela dio (%55,6); egoera ona dela diotenak %11 dira; eta egoera erdipurdikoa dela –eta batez ere mutilen artean erabiltzen dela– diotenak, berriz, % 33,4.

- Nokaren eta tokaren egoeraren ikuspegia oso ezberdina da: %5ek bakarrik uste du nokaren egoera ona dela bere herrian; toka, berriz, %24k ikusten du egoera onean. Noka galzorian edo galduta ikusten dutenak %54,3 dira; tokaren kasuan, berriz, gutxiago: %23,1.

- Hamarretik zazpik baino gehiagok dio hitanoa gizonezkoek gehiago erabiltzen dutela eta %11k, berriz, euren herriko emakumezkoek ez dutela erabiltzen. Badaude, hala ere, euren herrian erabilera nahiko parekoa dela diotenak ere (%14).

- Egoera onena euskararen "arnasguneetan" du hitanoak. UEMA osatzen duten udalerri gehienetatik jaso da erantzunen bat, 90 herritatik baino gehiagotatik, hain zuzen ere. UEMAk euskaldun bezala sailkatutako 164 udalerrietako 138tik jaso dira erantzunak: erantzunen % 61,5 udalerri euskaldunetatik heldu dira.

- Herritarren % 71,5ek ez du hitanoaren kontrako iruzkin negatiborik entzun. %57,8k dio bere herrian ondo ikusia dagoela.

- Hitanoaren transmisioa bereziki etxean eta familian ematen da, kalean eta lagunartean ere asko. Eskolan ia ezer ez.

Hikagin egitasmoa

Badihardugu elkarteak egin duen inkesta Hikagin proiektuaren barruan dago. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin abiatu zuten. Hitanoa biziberritzea da helburua, baita hitanoaren bultzatzaileek sarea osatzea ere.

2024an inkestari esker jasotako datuak aztertzen eta bestelako ondorioak ateratzen egingo du lan euskara elkarteak.

Infografia: Badihardugu euskara elkartea.