argia.eus
INPRIMATU
115.000 tona elikagai botatzen dituzte zaborretara Nafarroan
  • Nafarroan 75 kilo elikagai botatzen du norbanako bakoitzak zaborretara urtero. Guztira, 115.000 tona. Jangarriak diren jakiak dira, baina hala ere ez zaie irtenbiderik ematen. Sentsibilizazio kanpaina jarriko dute abian 15 toki entitatek baliatzen ez den janari hori ahalik eta txikiena izan dadin. Taberna eta jatetxeetara 70.000 ontzi banatuko dituzte bertan jaten dutenek platerean soberakin gisara geratzen dena etxera eraman dezaten.

Euskalerria irratia @fm983irratia Maialen Huarte Arano 2023ko azaroaren 24a

115.000 tona elikagai zaborretara. Edo gauza bera dena: norbanako bakoitzak 75 kilo zabor sortzen du elikagaietatik sortua urtero. Eta jateko modukoa da, baina ez zaio irtenbiderik ematen. Hiru elikagaitik bat edukiontzira doa. Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eman ditu datu horiek. Arazo horri irtenbidea eman nahian sentsibilizazio kanpaina jarriko dute martxan taberna eta jatetxeetan: 70.000 ontziren bidez platerean soberakin geratzen diren elikagaiak jaso eta etxera eramateko aukera eskainiko zaie erabiltzaileei. Horrez gain, poltsak eta mantelak ere banatuko dituzte.

Hamabost toki entitatek hartuko dute parte kanpaina honetan. Helburu du jendea kontzientziatzea zer nolako janari mordoa botatzen den zaborretara. Eta hartara, pixkanaka ahalik eta gutxien izatea kantitate hori. Onegia da botatzeko, nik eramanen dut izena du kanpainak. 650 ostalaritza gunetara iritsiko da kanpaina, Nafarroako Zabor Kontsortzioaren zonaldean.