argia.eus
INPRIMATU
11/13 makrosumarioaren aurka mobilizazioak deitu ditu Ernaik Bilboko manifestazioaren aurretik
  • Irailaren 12rako elkarretaratzeak deitu ditu gazte antolakundeak Hego Euskal Herriko lau hiriburu eta lau heziguneetan. Makroepaiketaren aurka eta auziperatutako lagunekin elkartasunez kalera ateratzeko deia egin diote euskal gazteriari.

Topatu.eus @topatu_eus 2019ko irailaren 06a
47 euskal herritar epaituko dituzte Auzitegi nazionalean irailaren 16tik aurrera. Argazkia: @47akHerrian.

Irailaren 16an epaituko dituzte 11/13 makrosumarioan auziperaturiko 47 euskal herritar, euskal presoei zein beraien senideei sostengua ematen lan egiteagatik. Azken hilabeteetan elkartasun keinu andana jaso dute Euskal Herri osotik, eta irailaren 12an gazteek ere makroepaiketaren aurka eta auziperatuekiko elkartasunez mobilizazioak egingo dituzte.

Ernaik deituta, goizean lau unibertsitate kanpusetan egingo dituzte mobilizazioak ikasleek, eta arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gazteek. Hiriburuetako mobilizazioez gain gainerako herri eta heziguneetako protestei adi egoteko ere eskatu dute.

Kartelarekin batera Ernaik zabaldu duen oharrean azpimarratu dute gazteek “presorik gabeko Euskal Herria” dutela helburu, eta “gatazka konpontzeko konpromisoan” berrestu dira, beren burua “berau konpontzeko herri bultzadan” kokatuz. Gazteek euskal presoen alde “mila eta bat konpromiso” hartzen dituztela eta hartzen jarraituko dutela berretsi dute baita ere, “barrote guztiak urtu” arte.

“Euskal Herri askea eguneroko lanean eraikitzea” dagokiela ere esan dute oharrean, eta “independentzia, sozialismoa eta feminismoaren aldeko proiektu politikoa” hauspotzeko beharra azpimarratu dute. “Atzera begira jarri nahi dute herri hau eta gazteoi dagokigu aurrera bidean pausuak ematea”. Azkenik “auziperatu guztien berehalako absoluzioa” exijitu dute, eta “makroepaiketa honen aurka egiteko modurik eraginkorrena azken presoa kaleratzeko borroka biderkatzea dela” adierazi dute.

Bilbora joateko deia

“47ak herrian” lelopean makrosumarioan auziperatutako herritarrei babesa eta elkartasuna eskaintzeko eta epaiketaren aurka protesta egiteko manifestazio jendetsua deitu dute irailaren 14rako.

Gazteek ere bertan izango direla azpimarratu dute, eta gainerako gazte zein herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete.