argia.eus
INPRIMATU
‘111’ literatur aldizkaria argitaratzeari utziko diote, arrazoi ekonomikoengatik
  • Baliabide ekonomiko faltagatik, 111 literatur aldizkaria argitaratzeari utziko dio 111 Akademiak, prentsari bidalitako ohar batean jakinarazi dutenez.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 08a
Iazko abenduan argitaratutako 10. zenbakia izango da oraingoz 111 aldizkariaren azkenekoa.

2018ko abenduan argitatutako 10. zenbakia izango da 111 aldizkariaren azkena “oraingoz”, aldizkariaren arduradunek azaldu dutenez, “2018an izandako diru-galeraren ondorioz 111 Akademiari guztiz ezinezkoa baitzaio 2019an paperezko argitalpenak dakarren gastua bere gain hartzen jarraitzea”.

“Momentu mingarrian” hartu dute erabakia, duela hilabete eskas harpidetzak handitzen saiatu baitziren eta esplikatu dutenez, eskaerak jasotzen hasiak ziren.

2014. urtetik argitaratu da 111 aldizkaria. “Irakurle arruntari literaturari buruz euskaraz informazioa emango zion argitalpena aurrera ateratzen saiatzeak ahalegin oro merezi zuelako uste sendoa genuen. Ahalegin horiek, ordea, ez dute esperotako fruiturik eman, eta 10. zenbakira iritsi ostean, egitasmoa bertan behera uztea beste irtenbiderik ez zaigu geratu”, adierazi dute.

Aurten 111 Akademiari eutsi eta etorkizunean aldizkaria berriz argitaratzen saiatzeko asmoa dute, nolanahi ere. “Erakunde publikoen bideak eman zezakeena eman duela ikusita”, arlo pribatuan ahaleginduko dira orain proiektua bideragarri egiten, “jorratu beharreko bidea samurra izango ez dela ondo baino hobeto” jakin arren.

Bitartean, edukiak sortzen jarraituko dute eta 111 Akademiaren webgunean plazaratuko dituzte.