argia.eus
INPRIMATU
110.000 lagunek bisitatu dute Durangoko Azoka, 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa utziz
  • Amaitu da Durangoko Azokaren 52. edizioa. 110.000 bisitari izan dira sormenaren lurraldeak  eta 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du, bisitari kopurua eta bakoitzak zer nolako gastua egin duen kontuan hartuta. Hurrengo urtean lehen aldiz emango dute Sormen Beka.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 11

Balorazio positiboa egin dute antolatzaileek: Leporaino beteta egon da Landako bost egunez, baita gainontzeko guneak ere. Azoka birtualak ere marka guztiak hautsi ditu, 8.200 bisita lortuz egun bakar batean, abenduaren 6an. Ostegunean ospatu da ikasle eguna, aurreko edizioetan ez bezala, bigarren egunean, eta jendearen profilari begiratuz gero, “bereziena” izan dela esan dute Gerediaga Elkarteko kideek. Asteazkena izan da egunik jendetsuena. Igandea, aldiz, lasaiena.

Gunei dagokienez, jendearen ibilia “nabaria” izan dela adierazi dute antolatzaileek. “Bakoitza bere arloan erreferente bilakatzen ari da”. Horren adibide da Ahotsenea: hamar urte bete ditu eta aurten ere, jendetza hurbildu da zuzeneko emanaldiez gozatzera. Berri Txarrak taldeak larunbatean eman zuen kontzertua horren adibide argia da: gune barruan bezain beste lagun gelditu zen Ahotsenera ezin sartuta. Solasaldien gunean ere “izugarrizko harrera” izan dute emakumeek idatzitako liburuen aurkezpenek, batez ere feminismoari lotutakoek.

Aurtengo Azokaren ekarpena handia izan da, hainbat aldetatik begiratuta. Askotariko sortzaileak egon dira, kultur-lanak ugariak izan dira eta gogoeta aberatsak utzi ditu. Datu ekonomikoei erreparatuta ere, Durangoko Azokak honako estimazioa egin du: aurtengo edizioak 7’2 milioiko ekarpen ekonomikoa izan du. Landakon parte hartu duten argitaletxe, diskoetxe eta gainontzeko eragileek aditzera eman dutenez – behintzat Azokako antolakuntzak jaso dituen iritziak –, aurtengo edizioan asko saldu da: kasu batzuetan edizioak agortu dira, eta badira aurreikuspenak gaindituta bueltatu diren erakusketariak.