argia.eus
INPRIMATU
11 urteko bi haur argentinar exekutatu izana leporatu diote Paraguaiko armadari
  • Paraguaiko Gobernuaren bertsio ofizialaren arabera, Maria Carmen Villalba eta Lilian Mariana Villalba. 11 urteko bi neska argentinarrak "borrokan hilak" izan ziren. Baina lekukoek eta Argentinako mugimendu sozial anitzek, giza eskubideen aldeko erakundeek eta Argentinako abokatuek salatu dutenez, Paraguaiko militarrek bizirik atxilotu zituzten.

Axier Lopez @axierL 2021eko urtarrilaren 15
Lilian Mariana eta MarĂ­a del Carmen Villalba hil zituzten irailaren 2an Paraguaiko armadaren operazio batean.

Irailaren 2an Argentinatik Paraguaira beraien senideak bisitatzera zihoazela, Lilian Mariana eta Maria Carmen Villalba 11 urteko haurrak Paraguaiko armadak hil zituela salatu du Argentinako abokatu talde batek. Horietako bat da Laura Taffetani abokatua, bi umeetako baten amaren ordezkaria da. Salaketa horri babesa eman diote Adolfo Pérez Esquivel Bakearen Nobel saridunak, Nora Cortiñas –Maiatzeko Plazako Amak– eta giza eskubideen aldeko beste erakunde batzuek. Salatu dutenez, Paraguaiko armadak bi adingabeak exekutatu zituen. Horretarako gako dira Tamara Anahiren (14 urte) eta Tania Tamararen (19 urte) testigantzak. Biak zeuden irailaren 2an Paraguaiko armadak segada egin zion EPPko militanteen taldearekin eta bizirik ateratzea lortu zuten. Inguruko biztanleek lagunduta menditik ihes egin zuten eta Argentinara iristea lortu zuten. Tamara Ahanik bere lekukotza eman du Nazio Batuen ordezkarien aurrean.

Paraguaiko armadak eta Fiskaltzak diote bi adingabeak "borrokan hil" zirela. Hala ere, Taffetani abokatuak jakinarazi duenez, istiluetatik bizirik ateratzea lortu zutenek bi neskatoak armadako kideek bizirik nola eraman zituzten ikusi zuten. "Exekuzioaren zantzuak zeudela uste genuen, baina lekukoen testigantza horiek baieztatu egin dituzte", esan du abokatuak. Gaineratu duenez, oraingoz ez dute adingabeen deklarazioei buruzko xehetasun gehiagorik emango, sekretupean baitaude. Exekuzio Sumarioen Errelatore Bereziaren eta Haurren Eskubideen Batzordearen (biak NBEko erakundeak) aurrean egiten ari dira auziak.

Abenduan Buenos Airesen egindako elkarretaratzea.

Argentinako Gobernuari eskaria

Argentinako hainbat erakunde sozial, akademiko, aktibista, giza eskubideen defendatzaile, feminista eta erakunde politikok herrialdeko presidenteari eskutitza bidali diote. Paraguaiko Gobernua presionatzeko eskatu dute, besteak beste, Argentinako forentse talde bat Paraguaira sartzen utz dezan, han neskatoei autopsia egin eta ikerketa inpartziala abiatu dezan. Argentinan dagoen Villalba familiari babes politikoa emateko ere eskatu dute, "Paraguaiko Gobernuak etengabe zelatatzen eta kriminalizatzen duelako".