Kolonbiako Poliziak 11 lagun hil ditu tiroz eta beste asko zaurituta utzi du, Javier Ordoñez abokatuaren hilketaren aurka kalera atera diren manifestazioaren ostean.
Kolonbiako Bogota hiriburuan eta inguruetan istiluak jazotzen ari dira manifestarien eta polizien artean. Asteazkenetik ostiralera bitartean hamaika pertsona hil dira, eta beste 400, aldiz, zauritu dituzte. 60 bat polizia-egoitzari eraso egin diete Javier Ordoñez abokatuaren hilketaren ondoren, deskarga elektriko ugari aplikatu zioten bi poliziak.
La Jornada egunkariaren arabera, Ordoñezek, George Floyd estatubatuarraren antzera, bere bizitzagatik erregutu zion poliziari hil aurretik: "Mesedez, gehiago ez", entzuten da behin baino gehiagotan sare sozialetara igotako bideo batean. Ordoñez astearte gauean atera zen bi lagunekin edari batzuk erostera, COVID-19aren harira ezarritako berrogeialdia saihestuz. Motozikletan zihoazen bi polizia Engativá inguruan agertu ziren, hiriburuko mendebaldean, bizilagun baten ohartarazpena jaso ostean.
Uniformedun batek isuna jarriko ziola esan zion Ordoñezi, eta abokatuak isuna ordainduko zuela erantzun zion. Orduan, deskarga elektrikoak jasaten hasi zen. Bere lagunek erasoa filmatu zuten. Ondoren, Ordoñez polizia-etxera eraman zuten, eta, haren lagun baten arabera, "kolpeka txikitu zuten”. Azkenik, klinika batera eraman zuten.
Por favor comparte esto fandom army por favor #NoMas #SOSColombia #Colombia #PoliciaNacionalParenDeMatar #ARMY #ColombiaEnAlertaRoja #ColombiaDespierta #ColombiaSinTiNoEsColombia #Latinoamerica pic.twitter.com/q1vIw0WJzp
— dark (@natalia_3412) September 10, 2020
Hilketaren bideoak sare sozialetan hedatu ondoren, protestak ugaritzen hasi ziren. Asteazken arratsaldeko laurak arte hamar hildako zeudela jakinarazi zuten agintariek. 209 lagun ere ospitaleratu behar izan zituzten, horietatik 179 Bogotan. Poliziaren indarkeriaren aurkako protestak Bogotako beste auzo batzuetara zabaldu ziren lehenbizi, eta ondoren Medellin, Cali eta Barranquilla hirietara. Bogotan mobilizazioak egin zituzten zazpi puntutan, baita inguruko barrutietan ere.
Claudia López Bogotako alkateak, gobernu nazionalaren oposizioko kideak, salatu zuen poliziek “neurrigabeko indarra” erabili dutela, manifestarien aurka eta suzko armak baliatuz. "Zein entrenamendu mota jaso dute protesta baten aurrean neurririk gabe erantzuteko?", esan du Poliziaren erreforma sakona eskatuz.
Liskarren saldoa deitoratzean, honakoa gehitu du: "Hori ezta borroka zuzen batean ere gertatu (...) Kolonbiako gatazka armatuaren garairik txarrenetan". Etxeratze-agindua baztertu du gainera: "Benetan nahi dugu herritarren eta Poliziaren arteko liskarrerako arrazoi bat gehiago? Lortu behar duguna tentsioak arintzea da, ez tentsioa handitzea".
@YourAnonCentral
— Luisa (@xxlllss1) September 11, 2020
They are literally shooting us #ColombiaDespierta pic.twitter.com/fjeqPIztXr
Paramilitarismoagatik inputatuta dagoen Alvaro Uribe presidente ohi ultraeskuindarrak honako txioa idatzi du: "Hobe da Gobernu Nazionalaren etxeratze-agindua, Indar Armatuak kalean, bere ibilgailu eta tanketekin, atzerritar bandaloen deportazioa eta egile intelektualen harrapaketa; hildakoak, polizia zaurituak, CAISen suntsiketa, (polizia-instalazioak), Transmilenioren eta Medellingo Tranbiaren arriskuak baino”.
Ivan Duque presidenteak "ikerketa zorrotza" agindu du "gertaeren inguruan erabateko ziurtasuna izateko", baina uniformedunei hiltzaile deitzea “gehiegikeria” da bere aburuz.
Lopezen arabera, aurten 137 salaketa jarri dituzte Bogotan Poliziak gehiegizko indarra erabiltzeagatik. "Poliziaren abusu kasuen egiturazko arazoa dago, eta, gainera, zigorgabetasuna", esan du alkateak.