Auzipetuak interpelazio dinamika zabala ari dira egiten. Katalunian eta Europako Parlamentuan ere harremanak garatzeko asmoa azaldu dute. Irailaren 16an epaiketa hasi aurretik mobilizazio eta ekimen ugari izango dira.
Ibon Meñika eta Beñat Zarrabeitia auzipetuek 11-13 sumarioko makroepaiketaren aurkako dinamikaren inguruan argibideak eman dituzte. Azken asteetan auzipetuek egin dituzten harremanak, aurrera begira dituzten asmoak eta jasotzen ari diren “elkartasun olatua” izan dituzte hizpide.
Asteak daramatzate auzipetuak eragile sozial, sindikal eta politikoekin bilerak egiten. Alderdiei dagokienez, “beste espetxe politika bat beharrezkoa jotzen duten guztiekin” batu dira, “sinergiak eta konplizitateak” ehundu nahian. Lan horren emaitza irailean jasotzea espero dute. Sindikatuekin ere batu dira auzipetuak, eta ildo horretan fruituak zehatzagoak dira honezkero. Irailaren 6an gehiengo sindikalak mobilizazioak deituko ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Auzipetuen herri eta auzoetan sortu diren dinamikak nabarmendu dituzte auzipetuek. Herritarren elkartasuna “esponentzialki” hasten ari dela ziurtatu dute. Orain arteko asanblada irekietan 2.000 lagun baino gehiagok hartu dute parte. Udara osoan eta bereziki irailaren 6, 7 eta 8an tokiko mobilizazio ugari izango dira. 8.200 herritar baino gehiagok sinatu du honezkero epaiketaren aurka Jon Maiak idatzitako manifestua. Ekimen guztiek irailaren 14an auzipetuek deitu duten manifestazio nazionala elikatzea dute helburu.
Nazioartean ere
Meñikak eta Zarrabeitiak interpelazio eta harreman dinamika nazioartera zabaltzeko nahia adierazi dute. Batetik, Kataluniako eragileekin bilerak egiteko asmoa adierazi dute. Bestetik, osatu berria den Europako Parlamentura ere jo nahi dute. Bide hori jorratzeko zailtasunak dituztela ohartarazi dute, ordea: auzipetuek debekatua dute Espainiako Estatutik irtetea, baimen berezia behar dute hori egin ahal izateko.
Elkartasun ekonomikoa
Elkartasun politikoa eskertzearekin batera, elkartasun ekonomikoa beharrezkoa dutela gogorarazi dute auzipetuek. Hiru hilabetez luzatuko da epaiketa, eta 340.000 euroko gastua suposatuko diela aurreikusi dute: Defentsa gastuak 236.440 euro; garraioarenak 28.950; eta hiru hilabeteko ostatuarenak 72.072. Kontu korronte bat zabaldu dute ekarpenak jasotzeko.
🔵 Gaurko agerraldiaren laburpena Ibon Meñikaren eskutik: Pozik alderdi eta sindikatuekin egindako harremanekin, Europara joateko aukera aztertzen ari gara, manifestuak 8000 atxikimendu bildu ditu eta irailaren 6, 7 eta 8an mobilizazioak egingo ditugu #47akHerrian pic.twitter.com/MfIvijpLDA
— 47akHerrian (@47akHerrian) 2019(e)ko uztailaren 8(a)