argia.eus
INPRIMATU
109 Nobel saridunek transgenikoen harira egindako salaketari erantzun dio Greenpeacek
  • 109 Nobel saridunek Greenpeaceri transgenikoen aurka ez egiteko eskatu zioten uztailaren 1ean argitaratutako gutun irekian, baita urre koloreko arrozaren kontrako jarrera baztertzeko ere. Haien esanetan, elikagai horrek Afrika eta Asia hego-ekialdean A bitaminaren defizita duten pertsonei lagundu diezaieke, kasu batzuetan heriotza saihestuz.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 05
Arroz arrunta eta urre kolorekoa, elkarren ondoan. Bigarrenaren aurka jarrita milioika laguni kalte egiten diela leporatu diote Greenpeaceri ehundik gora Nobel saridunek (Arg.: IRRI-CC By).

Geneak aldatuta dauzkan urre koloreko arroza, hain justu, gizakiok A bitamina gehiago lortzeko sortutako elikagaien artean aitzindaria litzateke. ADNaren egitura aurkitu zuen James Watson estatubatuarrak eta Ada Yonath biokimikari israeldarrak sinatu dute oharra, besteak beste.

Greenpeaceren erantzuna

Mundu osoan ekoizten den elikagaien %30 zaborretara joaten dira. Horrekin munduan bizi garen guztiok elikatzeko adina janari dagoela adierazi du Greenpeacek, eta transgenikoek ez dutela gosearekin amaituko, hori baino konplexuagoa baita egoera. Gaineratu du merkaturatzen diren labore transgenikoen %80 animalientzako pentsuetara eta bioerregaietara bideratzen direla.

Nazio Batuen Erakundeak egindako laborantza eta garapenaren inguruko azken ikerketaren ondorioekin bat egin du Greenpeacek, eta adierazi du nekazaritza ekologikoak pobrezia arintzen duela. Transgenikoek, bestalde, ondorio kaltegarriak dituztela sozialki eta ingurumenean.

Urre koloreko arrozaren inguruan, erakunde ekologistak adierazi du hogei urteko ikerketaren ostean genetikoki aldatutako arroz mota hori oraindik ez dagoela merkaturatzeko moduan.

Greenpeacek gaineratu ez dagoela bioteknologiaren eta transgenikoen inguruko ikerketaren eta erabileraren aurka, baina bai transgenikoak ingurumenean zabaltzearen aurka, biodibertsitatean kaltea eragin eragin dezaketelako. Erakundeko kide Luis Ferreirimen esanetan, “oraindik ezezagunak dira elikagai transgenikoek epe luzean segurtasunerako izan ditzaketen ondorioak; ez dago horri buruzko kontsentsurik zientzian”.