argia.eus
INPRIMATU
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du
  • 1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta beraz, gutxieneko pentsioa 1080 eurora osatzea aldarrikapen feminista delako".

Ahotsa.info @ahotsainfo 2023ko azaroaren 10

Irailean eragile sozio-sindikal ugarik, Nafarroako Pentsionisten Mugimenduarekin batera Ahora 1080€ Orain herri ekimena aurkeztu zuten, Nafarroako instituzioei 1080 euro baino gutxiagoko pentsioak osatzea exijitzeko, 2024ko aurrekontuen legean horretarako partida bat aurreikusiz. 1080 euroko pentsio minimoa ezarriz bakarrik, zahartzaro duin bat ziurtatuko lukeela azaldu du ekimenak.

Azken asteetan, atxikimendu kanpaina eta sinadura bilketa jarri dituzte martxan. Gaurkoan azaldu dute geroztik, 20 eragile sozio sindikalen atxikimendua jaso dutela eta herri dinamikaren aldeko 5000 sinadura baino gehiago jaso dituztela ere bai.

Aurrekontuen eztabaida otsaila-martxora arte atzeratuko denez, herri ekimenarekin aurrera egitea erabaki dutela baieztatu dute eta beraz, atxikimendu kanpaina eta sinadura bilketarekin jarraituko dutela ere bai, herri ekimenak martxan jarraitu bitartean. Aurreratu dute gainera, hurrengo asteetan ere, udal ugaritan mozioak aurkeztuko dituztela, 1080 euroko pentsio minimoaren aldarria herrietara zabaltzeko.

Horrez gain, aurreko astean parlamentuan egindako agerraldiaren balorazio positiboa egin dute. “Talde desberdinek erakutsi zuten interesa dela eta”, eta talde horiek egindako eskaerari jarraituz, agerraldiak aurkezturiko edukian sakonduz txosten bat bidaliko zaiela esan dute.