Jarduera-lizentzian jasota ez dauden lanak egiteagatik eta eskatutako datuak eta informazioa emateari uko egiteagatik zigortu du Aiarako Udalak Zorroza Gestión de Residuos enpresa. 2016tik hona ugariak dira enpresaren kudeaketa eta azpiegitura zalantzan jartzen dituzten azterketak. Aiaraldea Komunikabideak Udalaren eta Osalanen txostenak ikertu ditu.
Udal teknikariek egindako hainbat txosten teknikotan oinarrituta, Aiarako Udalak Zorroza Gestión de Residuos zigortu du. Bi isun jarri dizkio hondakin-kudeaketa enpresari. Alde batetik, arau-hauste larri bezala kalifikatu dute jarduera-lizentziari lotuak ez dauden jarduerak aurrera eramatea, eta 108.000 euroko isuna ezarriz. Informazioa ezkutatu eta datuak emateari uko egitegatik, bigarren isun bat jarri diote ere; 12.000 euroko zigor ekonomikoa.
Txosten teknikoak azken urteetan egindako ikuskapen eta azterketa desberdinak ditu oinarri, azkena 2020 uztailaren 20an burutu zen. Aurretik, 2020ko martxoan eta 2017ko sutearen ostean ere ikuskaritza teknikoak egin dituzte Zorroza enpresan, hauen, zein Ertzaintzaren edota Osalanen txostenen informazioa ere baliatu dute txostena osatzeko.
Lizentziaz kanpoko jarduera
Zorroza Gestión de Residuosek 2010ean eskuratu zuen jarduera-lizentzia, isiltasun administratiboaren bidez. Geroztik, Udalak emandako lizentziaz harago dauden jarduerak garatu dituela adierazten du txostena, hala nola, lizentziak baimentzen ez dituen eraikuntzako hondakinen kudeaketa.
“Lizentzia isiltasun administratiboz lortu izanak ez dio eskumenik ematen enpresari jarduera modu inkontrolatuan garatzeko” ondorioztatu dute udal teknikariek.
Txostenek, gainera, praktika “inkontrolatu” honen jarraikortasunean jarri du arreta. Izan ere, 2016ko abenduan jaso zuen Zorroza Gestión de Residuos-ek lehenengo inspekzio bisita. Bertan lizentzian jasota ez zeuden hondakinak kudeatzen ari zirela egiaztatu zuten teknikariek. Lau urteren ostean praktika hori aldatu egin ez dela adierazi dute, udalak behin eta berriz lizentzian zehaztutakoa betetzea eskatu arren.
Arau-hauste horren berregite jarraitua eta jarduera erregularizatzeko iniziatiba falta, astungarri bezala kalifikatu dituzte 108.000 euroko zigorra ezartzerako unean.
Jarduera arriskutsua
Enpresaren eremuan ingurumenarentzako eta pertsonen ongizaterako arrisku larria existitzen dela ondorioztatzen du txosten teknikoak. Txosten honek, 2017ko azaroaren 23an Osalanek egindako azterketa bat du oinarritzat.
Azterketa horretan, besteak beste, azpiegituraren egoera ikuskatu zuten. Lur asfaltatuaren egoera prekarioa eta lixibatuak biltzeko sistema falta jaso zituzten teknikariek. Horrek inguru naturalean elementu kutsakorren metaketa areagotzen du, txostenaren arabera. Txostenak, hondokoa frogatzeko argazkiak aurkezten ditu.Zorroza Gestión de Resiudosek, gainera, isurketak, euri-uren sare orokorrera egiten ditu; aurretiaz inongo arazketa prozesurik gauzatu gabe.
Pabilloi barruan altxatu diren hondakin metak ere elementu oso arriskutsutzat jotzen ditu Osalanen azterketak. Hondakin pila hauek pertsonen erorketak eragiteaz gain, suteen aurrean arrisku nabaria direla nabarmentzen du. Izan ere, instalazioen ebakuazioa oztopatu egiten du, bai eta segurtasun elementuak ezkutatu ere.
Aurreikuspen ilunenak bete ditu txostenak. 2017ko urrian eta 2020ko urrian sute bana piztu zen hondakinen kudeaketa enpresan; 2020ko otsailean, ordea, Bassirou Dione langileak bizia galdu zuen 8,7 metroko altueratik amildu ostean. Lan baldintza prekarioek bestelako lan-istripu ugari eragin dituzte ere. Horrela salatu zuten enpresako langile oihek, Dioneren heriotzaren ostean.
Soka luzea
Zorroza enpresak 2010ean lortu zuen lizentzia, eta 2016an Udalak egindako inspekzio teknikoaz geroztik etengabeak izan dira tokiko gobernuak enpresaren egoera eta jarduera erregularizatzeko egindako eskaerak.
Orotara zazpi alkatetza dekretu baino gehiago onartu ditu Aiarako Udalak gaiarekin erlazionatuta. 2016an izan zen lehenengoa; orduko hartan enpresa kanpoaldean pilatutako hondakinak erretiratzea eta enpresaren lursaila errespetatzea eskatu zitzaion. Gerora gehiago etorri dira, errekerimendu desberdinekin: jarduera-lizentzia eguneratzea, lixibiatuak biltzeko sistema ezartzea, neurri zuzentzaileak aplikatzea, kontenedore batzuk erretiratzea...
Enpresak behin eta berriz uko egin dio neurri horiek ezartzeari, kontrakoa frogatzen ahalegindu den arren, eta horrek ekarri ditu Aiarako Udalak ezarritako santzio ekonomikoak.
Zorrozak hainbat alegazio aurkeztu ditu, zigorrei iskin egiteko, tartean Udalak “enpresa itotzeko grina” zuela argudiatu izan du, bai eta hau kaltetzeko botereen desbideratzea egon dela. Txosten guztiek, ordea, atzera bota dituzte enpresaren argudioak.