argia.eus
INPRIMATU
1.080 euroko gutxiengo pentsioa aldarrikatu dute hiriburuetan
  • Pentsio “duinak” lortzeko borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute pentsiodunek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzten mobilizazioetan. Aurrekontuen negoziaketetan Jaurlaritzaren “borondate falta” ere salatu dute.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 17a
Larunbateko Bilboko pentsiodunen manifestazioa. Argazkia: @CasviFactory

Milaka pertsona bildu ziren Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Iruñean larunbatean egindako manifestazioetan. Pentsio “duinak” lortu arte gobernuei “presio” egiten jarraituko dutela adierazi dute pentsiodunek.

Eusko Jaurlaritzarekin “desengainaturik” azaldu dira pentsiodun ugari. EAEko aurrekontuen negoziazioetan pentsioen inguruan akordiorik lortu ez izanak, milaka pertsona eta pentsiodunen bizi-baldintzak hobetzeko aukera galdu dela ere salatu dute pentsiodunek.

“Inoiz baino aberastasun gehiago dago gaur egun, baina desberdintasunak gora doaz. Beraz, ez da arazo tekniko bat, baizik eta duintasun eta borondate politikoaren kontu bat”, ohartarazi zuen Maria Luisa Lizartza, Gipuzkoako pentsiodunen Duintasuna elkarteko kideak.

Pentsiodunen plataformek ere ildo beretik jo dute, “politika zuzen eta bidezkoago bat izanez gero, bai zergak biltzean, bai aberastasuna banatzean, kalitatezko pentsioak berma daitezke gaur eta etorkizunean”.

Astelehenero legez abenduaren 17tik aurrera Euskal Herriko toki ugaritan kontzentrazioekin jarraituko dutela azpimarratu dute.

Hiriburuetako argazki gehiago: