Saudi Arabiak "emakumeen eta LGBTQ+ pertsonen eskubideak zapaltzen dituela-eta", 24 herrialdetako 106 emakumezko futbolari profesionalek Gianni Infantino FIFAko presidenteari eskatu diote Aramco petrolio-enpresarekin duten babesletza-akordioa hausteko.
Infantinori bidalitako gutunean, futbolariek diote Aramcok ez duela "kirol erregea" babesteko eskubiderik, Saudi Arabiak "LGBTQ+ pertsonak kriminalizatzen eta emakumeak sistematikoki zapaltzen" dituen heinean. AEBetako, Ingalaterrako, Italiako, Alemaniako, Australiako edo Herbehereetako ligetan aritzen diren futbolariek sinatu dute eskutitza, horien artean, Elena Linari, Jessie Fleming eta Doris Bacic, hurrenez hurren Italia, Kanada eta Kroaziako selekzioetako kapitainek. Espainiako F Ligan ari den jokalari bakarrak sinatu du gutuna, Realeko Sanni Franssi finlandiarrak.
FIFArekin duen akordioa medio, Aramcok 2026ko gizonezkoen eta 2027ko emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketak babestuko ditu. Jokalarien arabera, "emakumezkoen futbolarentzat kolpea litzateke; mundu osoko zale eta jokalarien hamarkadetako lana ahulduko luke". Haien hitzetan, akordioa futbolarentzat "txarragoa da" norbere atean gola sartzea baino: "Jokalari profesional gisa egin dugun lana ametsa izan da guretzat, eta ametsa da etorkizunean jokalariak izango diren neskentzat. [FIFAgandik] zerbait askoz ere hobea merezi dugu, babesle horrekin sinatutako akordioa baino". Hala, federazioari eskatu diote babesletza berraztertu eta genero-berdintasunarekin, giza eskubideekin eta planetaren etorkizun "seguru" batekin lerrokatuagoak dauden alternatibak bilatzeko. Horretarako, batzorde bat eratzea proposatu dute, non jokalariak ere egongo liratekeen ordezkatuta, etorkizuneko babes-akordioen "inplikazio etikoak" ebaluatzeaz arduratuko litzatekeena.
FIFAk hainbatetan erakutsi duen moduan, nekez hautsiko du Aramco bezalako enpresa batekin duen akordioa. Gainerako babesleekin egin duen moduan, Aramcorekin kontratua sinatzea dagokion batzordeak jada ebaluatu duela adierazi du. Gainera, babesletzen bitartez lortutako dirua hainbat proiektu indartzeko baliatzen duela gehitu du, emakumezkoen kirolari erreferentzia eginda. Tartean behin federazioaren jarrera salatzea, ordea, nabarmentzekoa da, are gehiago futbolariek egindakoak baldin badira.