Ipar Euskal Herriko lurralde instituzio politikoa eginbidean dago. Herriko etxeak bozkatzen ari dira astez aste. Proposamena onartzeko, gutxienez, herri guztien erdiek –158tik 79k– alde bozkatu behar dute. Halaber, alde bozkatzen duten herriek biztanleria osoaren erdia –295.993 biztanletik 147.997– ordezkatu behar dute.
Instituzioa gauzatzeko eztabaida urte berriarekin abiatu zen. Pirinio Atlantikoetako CDCIk (Herriarteko Lankidetzarako Departamendu Batzordea) erabakitzen du auzi honetan. Prefeta da ekimenari buruzko erabakiaren bermatzailea. Urtarrilean, auzapezen eta hautetsien lehen diferentziak ageri izan ziren. Adibidez, Amikuzeko Lukuze herriko Barthelemy Aguerre hautetsi zentristak Amikuze eskualdea Biarnorekin elkartzea proposatu zuen. Proposamena ez zen onartua izan.
Metropoli poloa
Halaber, otsailean, Herri Elkargo bakarraren kontrakoek Metropoli poloa aurkeztu zuten. Euskal Kosta-Aturriko (EKAH: Baiona, Miarritze, Angelu, Bokale, eta Bidarte) hainbat auzapez dira. 158 herriak erakunde bakar batean (HELEP) bildu ordez, gaur egun indarrean dauden hamar herri elkargoen egiturak egokitzea eta Metropoli bat (MPA) sortzea proposatu dute. Horien helburua, besteak beste, Euskal Herria Biarno eta Landekin lotzea.
Barthelemy Aguerrek ez du amore eman, Baigorriko auzapez ohi Jean Baptiste Lambert-ekin batera bildu zen Donapaleun: 17 auzapez elkargo bakarraren kontra agertu ziren. Euskal Herria defendatzen omen dute, baina HELEP hori handia eta nahasia dela diote: “Erakundearen izaera neurtzeko xehetasunak eskas ditugu”, argudiatu zuten.
Batera plataforma
Baterak Batera Karabana ekimenaren balorazioa egin zuen martxoaren hasieran. 146 herritik iragan zen karabana. Herritarren harrera ona azpimarratu zuten. Elkargoaren aurkariei “nahasmena” sortu izana aurpegiratu zien.
Martxo erdialdean, Angeluko auzapez Claude Olive Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko presidente izendatu zuten. Baionako auzapez Jean-René Etchegarayren kargua hartu zuen. Etchegarayk otsailean aurkeztu zuen dimisioa. Arrazoia, besteak beste, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko auzapezek haren kontrako frentea osatu izana.
Udaberrion ebatzi beharreko gaia
Martxoaren 19an, udaberriaren atarian, 200 hautetsi bildu ziren Kanbon. Elkargoari buruzko xehetasunez eztabaidatu zuten. Proposamenak aitzina egiteko, biztanleriaren erdia ordezkatzen duten herrien erdiek eman beharko dute aldeko boza. Martxoaren 24an, Baiona hiriburua elkargo bakarraren alde agertu zen: 43 hautetsietatik 28k horren alde egin zuten. Aste batean, 75.000 biztanlek aldeko jarrera eman zuten. Aste horretan ere, tentsioa areagotu zen Euskal Kosta-Aturri Hirigunean. Iparraldeko Hirigune nagusiko herriko etxeak gobernatzen dituzten hamabost hautetsi –aurka dauden auzapezen gobernuetan daude– elkargo bakarraren alde agertu ziren: “Kostaldeak ezin dio Euskal Herriari bizkarra eman”, adierazi zuten.
Dagoeneko 104.828 biztanle Herri Elkargoaren alde
Iragan ostiralean Donibane Lohizunek (14.332 biztanle) “bai” erran zuen, Zuberoako Etxebarrek “ez” (64 biztanle). Bidartek ere kontra bozkatu zuen (6.566 biztanle). Ostegun honetan, Miarritzek bozkatzen du (24.993 biztanle). Heldu den asteartean, berriz, Azkarate, Baigorri eta Aiziritzeko herriko etxeek erabakiko dute. Asteazkenean, apirilaren 13an, Arberatzeko eta Donapaleuko herriko etxeek. Iparralderako instituzioa subjektu bizi-bizia da uneon, eguneroko gaia solastoki politikoetan.