argia.eus
INPRIMATU
2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezian, eta urriagoak dira zerbitzu sozialak Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez
  • Eskubide Sozialen Kartak deituta diru sarrera duinen aldeko ekimena egin dute Bilbon eta Iruñean. 1.400€ko gutxieneko soldatak eta 1.260€ko gutxieneko pentsioak exijitu dituzte. Adierazi dutenez, 2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezia egoeran 2021ean, alegia, %44 gehiago.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 11
Diru sarrera duinen alde mobilizatu dira Bilbon eta Iruñean, Karta Sozialak deituta. / Argazkia: Eskubide Sozialen Karta

“STOP Pobretzeari” dinamikaren bueltan, Eskubide Sozialen Kartak diru sarrera duinen aldeko ekimena egin du ostegunean Bilbon eta Iruñean. Finantza sektorea, energiarena eta oro har elite ekonomikoak gehiengoaren pobretzea eragiten ari direla salatzen ari dira urria eta azaroa bitartean, hitzaldi, tailer eta mobilizazio bidez. 2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezia egoeran 2021ean, alegia, %44 gehiago.

Okerrera doan egoera horren aurrean, ELAko idazkari nagusiaren ondoko den Amaia Muñoak eta LABeko koordinatzaile orokorra den Garbiñe Aranburuk azaldu dute prestazio sozialak geroz eta urriagoak direla, Naiz-ek jaso duenez. Esate baterako, DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak gutxieneko soldataren igoeraren arabera igo behar dira, legeak zehazten duenez, baina Eusko Jaurlaritza ez da hori betetzen ari. Sindikatuetako ordezkariek esan dute errenta hori izan beharko lukeena baino ia 300€ txikiagoa izaten ari dela, eta gehienbat emakumeak kaltetzen dituela horrek, soldata eta pentsio txikienak jasotzen baitituzte oro har.

Pobrezia amaituko duten politika egonkorrak eta eraginkorrak eskatu dizkio Karta Sozialak Lakuako Gobernuari, Nafarroakoari eta Espainiakoari, “eliteen diru gosea bermatzen ez dutenak”. Naiz-en irakur daiteke 2019an baino %83 gehiago irabazi dutela 2021ean Ibex 35eko enpresek.

“STOP Pobretzeari” dinamikaren hurrengo eta azken hitzordua azaroaren 19ko manifestazioak izango dira, Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean "langileen mesedetarako politikak” exijitzeko helburuz deitu dituztenak. Besteak beste, 1.400€ko gutxieneko soldata eta 1.260€ko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen du Eskubide Sozialen Kartak.