argia.eus
INPRIMATU
Enpresa militar israeldarrei 1.000 milioi euro baino gehiago ordaindu dizkie Espainiako Estatuak, Gazako genozidioa hasi zenetik
  • ElDiario.es hedabideak aurreratutako Centre Delas erakundearen txostenaren arabera, enpresa israeldarrekin kontratu berriak egin ditu Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan. Armak erosteaz gain, urritik hona Europar Batasunetik Israelera arma gehien bidali dituzten herrialdeetan bosgarrena da Espainiar Estatua.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 10

Espainiako Gobernuaren adierazpenak adierazpen, Israelgo armak inportatzen jarraitu dute urriaren 7tik. Kontratu publikoak esleitu ere egin dizkiete Israelgo segurtasun eta defentsa enpresei, edo Espainian dituzten filialei. Israelera armak esportatzen ere jarraitu dute hilabeteotan. Hala azaldu du Centre Delas d’Estudis per la Pau erakundeak txosten batean, eta elDiario.es hedabideak aurreratu du txosteneko edukia, argitaratu aurretik. Bertan azaldu dute 1.027 milioi euroko balioa duten kontratu publikoak egin dituztela enpresa israeldarrekin urriaren 7tik.

Centre Delas-eko ikerlariek nabarmendu dute “Israelek Gazako Zerrendan egindakoa oso larria izanda ere", Espainia eta Israelen arteko harreman militarrek ez dutela "aldaketa esanguratsurik izan” azken bederatzi hilabeteetan. “Espainia eta Israelen arteko arma merkataritzak ez du etenik izan, Gazan genozidioa egin arren”.

Txostenaren egileen arabera, beti ere elDiario.es-ek jaso duenez, “inteligentzia eta segurtasun kontuetan aldebiko elkarlana mantendu dute bi herrialdeek”, eta “espainiar lurraldea erabili ahal izan du Israelek, salbuespen batekin, beste herrialdeetatik armak bidaltzeko”. NBEko errelatoreak eskatutako armen enbargorik ez du ezarri Espainiako Gobernuak, beraz.

Pedro Sanchezen hitzak zalantzan

Espainiako Gobernuak adierazia du ez duela lizentzia berririk eman Israelera material militarra saltzeko 2023ko urritik, baina, elDiario.es-ek jaso duenez, ez ditu lehenagotik zeuden lizentziak bertan behera utzi, eta esportazioek bere horretan jarraitu dute. Hedabidearen arabera, Espainiar Estatua bosgarrena da Europar Batasunean arma eta munizio gehien saldu dituzten herrialdeen artean, Txekiar Errepublika, Errumania, Eslovakia eta Italiaren atzetik.

Centre Delaseko ikerlariek gezurtatu egin dituzte gobernuburu espainiarraren esanak, elDiariok jakinarazi duenez. Apirilean Sanchezek Espainiako Kongresuan esan zuen “urriaren 7tik Espainiak ez duela armen salerosketa operaziorik egiten Israelekin, bat ere ez”. Txostenean adierazi dute, “[presidenteak esandakoa] lapsus bat izan ala ez, ez zen egia, azaroan eta abenduan munizioak esportatu zirelako, eta Espainiak ez diolako utzi enpresa israeldarren armak jasotzeari”.

Aipatutako enpresa israeldar horietako bat Elbit Systems da, Israelgo armadarekin lotura handia duen enpresa pribatua. Euskal erakundeek ere, Jaurlaritzak eta Aldundiek, lotura izan dute Elbit Systems enpresarekin, Tecnalia eta Tekniker ikerketa zentroen bidez.