Orain arte pandemia garaian izan den kutsatu kopururik handiena da Hegoaldean eta Nafarroan kutsatu kopurua bikoiztu egin da, Tuterako oilasko enpresan izandako kutsatze masiboagatik.
Joan den asteburuan dagoeneko 22 kutsatu zehaztu zituzten Uvesan eta, horren ondorioz, 640 langileri PCR frogak egin dizkiete. Ondorioz 175 langilek positibo eman du, egindako testen %27. Horrela bada, asteburukoak kontatuta, kutsatuak 197 dira, 713 langileko enpresan.
Sindikatuek aspaldi ari ziren salatzen enpresan ez zirela behar haina babes neurri, besteak beste, ELAk salatu duenez: “Hiltegiaren lan baldintzen ezaugarriek eta bertako tenperaturek baldintza egokiak sortzen dituzte birusaren hedapenerako, munduan enpresak dituen beste lantoki batzuetako kutsatzeek hala erakutsi dute”. Sindikatuak lehenago ere eskatu zuen PCR frogak egitea baina enpresak ez zela beharrezkoa erantzun zion. CCOO sindikatuak ere enpresaren ardura salatu du, aldez aurretik behin baino arriskuez jakinarazi dutela gogoraraziz.
Tuterako Uvesak COVID-19aren Aurkako Eremu Segurua zigilua badu ere, bi sindikatuak agertu dira enpresa behin-behinekoz ixtearen alde; Nafarroako Gobernuko ordezkariek ere ez dute itxiera baztertzen eta ostiral honetan aztertuko dute neurria enpresako arduradunekin batera Tuteran bertan. Kutsatutako langile guztiak itxialdian dira dagoeneko eta enpresak jakinarazi duenez, “asintomatikoak dira”.
Berria-k argitaratu duenez,herrialdeka, Bizkaian, 365 kutsatze kasu izan dira, Nafarroan 253, Gipuzkoan 243, eta Araban 131. Datuen artean nabarmendu behar da, egunkariak dioenez, azken zazpi egunetan 1.124 kasu atzeman dituztela Gipuzkoan, aurreko astean detektatu zirenak halako bi. Ospitaleratzeek ere gora egin dute nabarmen: 312 gaixo daude hegoaldeko erietxeetan, horietatik 39 Zainketa Intentsiboko Unitateetan. Azken sei egunetan EAEn bederatzi egoiliar hil dira, azkena Zuian (Araba).
Gaueko aretoek itxita jarraituko dute
Hori da EAEko Auzitegi Gorenaren Opor Salak erabaki duena, gaueko aisialdiko taberna eta diskotekek itxita jarraituko dutela. Sektoreko hainbat eragilek jarritako helegiteari erantzun dio horrela auzitegiak, eta ebazpena emateko oinarritu da abuztuaren 25ean Osasun Saileko zuzendariak argitara emandako txostenean, non zehazten ziren “pertsona multzo esanguratsuen batzeak eragindako” kutsadura foko ugari. Neurria abuztuaren 19an agindu zuen Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak, baina azken hitza udalen eskuetan geratuko da, gauez jarduteko debekuaren ondoren, hauek erabaki ahalko dutelako ea areto hauek egunez zabaltzeko aukerarik izango duten.