argia.eus
INPRIMATU
102 egunez gose greban den preso politiko maputxea “hiltzeko arrisku larrian” dago
  • Gose grebaren 100. egunean, egoeraren larritasuna ikusita, audio bat grabatuta utzi du Celestino Cordovak: "Harrotasunez emango dut bizitza Maputxe Herriaren alde”. Cordovak hasitako gose grebari beste 27 preso politiko maputxe batu zaizkio.

Axier Lopez @axierL 2020ko abuztuaren 13a
Celestino Cordova

Asteartean 100 egun bete dira Celestino Cordova buruzagi espirituala gose greban hasi zenetik. Oraindik ez dago berrikuntzarik edo aurrerapenik Txileko Gobernuarekin dituzten negoziazioetan. Giza Eskubideen Institutu Nazionala (INDH) grebalarien eta Gobernuaren arteko bitartekaritza lana egiten ari da.

Cordovak abiatu zuen protesta eta ondoren beste hainbat preso politiko batu zaizkio, orotara 28 preso daude gose greban. Eskaera zehatzak egin dituzte maputxeek: espetxe zigorra bere komunitateko lurretan betetzeko eskubidea baimentzea, preso politiko guztien bizi-baldintzak hobetzea eta kautelazko neurriak aldatzea, presoak maputxeentzat zein besteentzat.

Txileko presidente Sebastián Piñerak berak Araucaniako (maputxeen lurrak hartzen dituen Txileko eskualde bat) egoera kritikoaz hitz egin zuen igandean, gobernua "hitz egin nahi dutenekin mintzatzeko prest" dagoela esanez, "Zuzenbide-estatua errespetatuz, indarkeriari uko eginez eta konponbideetan aurrera egiten lagunduz gero".
Argazkia: DiarioUChile

Osasun egoera okerrera

Celestino Cordovak hainbat osasun arazo izan zuen asteburu honetan, Nueva Imperial ospitalean operatibo bat sortu dute egoeraren larria ikusita, Osasun zerbitzuek kontingentzia estrategia bat prestatu dute bere egoera are gehiago okertuz gero arreta emateko.

Ondorengo audio mezua helarazi du Cordovak gose grebaren 100. egunean:

 

 

2014an 18 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Cordovari, lege antiterroristaren pean. 2013an Werner Luchsinger 75 urteko enpresaburua eta Vivianne McKay 69 urteko emaztea hiltzea leporatuta. Luchsinger maputxeen aurka duela hamarkada batzuetatik aritu zen familia bateko kidea zen, eta, besteak beste, bost urte lehenago Karabineroek Matias Catrileo gaztea hil zuten lur-eremuaren jabea da. Cordovaren prozesu judizialean irregulartasunak salatu zituzten.