Hitzarmen baten negoziaketa, KPIaren araberako soldata igoera, asteburuetako lan jarduna mugatzea eta saritzea, eta banatzaileei subrogazio eskubidea aitortzea. Exijentzia horiek helarazi dizkiote Amazoneko langileek patronalari, eta negoziaketak hasi ezean grebari jarraipena emateko asmoa agertu du LAB sindikatuak.
Amazonek zukutu egiten du. Hitzarmen baten alde zioen pankartaren atzean bildu dira astelehen goizez Trapagarango (Bizkaia) Amazonen logistika-zentroko langileak, lantegiko atarian. Greba zuten deitua, eta iragarri bezala, lau orduko lanuztea egin dute, 05:30etatik 09:30etara. LAB sindikatuaren arabera, grebak erabateko jarraipena izan du, plantilla osoaren parte-hartzearekin. 109 langile dira guztira, eta banaketa lanez autonomoak diren edo azpikontratatuta dauden 300 bat langile arduratzen dira.
2019an biltegia ireki zutenetik egindako lehenbiziko grebaren bidez hitzarmenaren negoziazioa eskatu dute. Izan ere, gidarientzat pentsatutako Bizkaiko garraio lan hitzarmenaren eraginpean ari dira lanean.
Beste aldarrikapenik ere mahai gaineratu dute grebaren bidez. Batetik, ituna 2024ra arte egongo da indarrean, eta datozen bi urteetarako %3,5eko eta %3ko soldata igoerak aurreikusten ditu. KPIaren igoerarekin alderatuz gero soldaten igoera horiei urri iritzirik, grebaren bidez egindako eskaera bat izan da soldatak KPIaren arabera igotzea. Berriak jaso duenez, uneotan, langileen urteko soldata gordina 19.400 eurokoa da, soldata garbia 15.600 euro ingurukoa izanik; 1.040 euroko hamabost ordainketa jasotzen dituzte.
Asteburuetako lan jarduna mugatzea ere eskatu dute. LABek jakinarazitakoaren arabera, geroz eta asteburu gehiagotan lan egin behar izaten dute langileek, ordainetan pizgarririk jaso gabe. Hala bada, asteburuetako lanorduak mugatu, eta egiten direnak saritzea exijitu dute.
Banatzaileentzako subrogazio-eskubidea da egindako beste eskakizuna. LABen arabera, langile horiek "izugarrizko prekarietatea" jasaten dute: "Jarduera garatzeko ezinbesteko zerbitzua izanik, ezegonkortasuna, egutegi falta, soldata baxuak eta, hori gutxi balitz, aplikatzen zaien estatu mailako mezularitza-hitzarmenak ez du subrogazioa bermatzen". Hala bada, subrogazio eskubidea bermatu dadin ere exijitu dute, enpresa azpikontratatzailea aldatuta ere Amazoneko lanari eutsi ahal izateko.
Puntu horien inguruan negoziaketari ekin nahi diote langileek. Halakorik gertatu ezean, greba deialdiekin jarraitzeko asmoa agertu du LABek, Onda Vasca irratiak jaso duenez.
LABek egindako bideo honetan ikus daitezke protestaren irudiak.