argia.eus
INPRIMATU
‘#1000vaches’ okupazioa, esne-behi fabrika erraldoia eragozteko
  • Amiens hirian (Picardie, Frantziako Estatua) poliziek oraindik preso dauzkate hiru nekazari sindikalista, tartean Conféderation Paysanneko eleduna, bertan 1.000 esne-behi eta 800 zekor gehiago aterpetu behar dituen ukuilu erraldoia okupatzeagatik. Laborantza industriala hartzen ari den bidearen kontrako protestak oihartzun handia lortu du.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2014ko maiatzaren 30a

Conféderation Paysanne sindikatuko 50 laborari militantek burutu dute okupazioa Drucat herrian, tartean zeukatelarik sindikatuko -Euskal Herriko Laborarien Batasuna ELB horren kide da- eta behiak jezteko plantan sarturik, esnea biltzeko makinen atal batzuk desmuntatu dituzte. Twitterrez ikus daiteke gertakizunen kronologia '#1000vaches' (mila behi) ipinita. Ekintza horren ostean, Conf'eko bozeramaile Laurent Pinatel militante talde batekin batera Parisko La Villettera joan da bertan ari baita burutzen "Printemps Bio" feria (Udaberri ekologikoa, euskaraz) eta lortu du atarian laburki elkarrizketatzea Stéphan Le Foll nekazaritza ministroarekin, bien eztabaida biltzen duen bideo honetan ikus daitekeenez.

Solasak bukaturik, sindikalistak abiatu dira berriro trenez Amiens aldera eta bidean poliziek atxilotu dute Pinatel sindikalista, argazkiak erakusten dutenez gogor zanpaturik lurrean. Politis astekariari Conf'eko idazkari nagusia -ARGIAko aspaldiko kolaboratzailez gain- den Mikel Hiribarren lapurtarrak kontatu dionez, Amienseko geltokian zain zeukaten dozena bat jendarme. «Gure telefonoak kontrolatuta dauzkatela uste dugu. Oso oldarkor erasotu gaituzte, harritzeko moduan». Pinatel atxilo eraman dute eta lerrook idazteko unean -11:15- hala daukate beste lau laborarirekin. «Dudarik gabe beldurtu eta desestabilizatu egin nahi gaituzte. Haluzinantea da zer nolako baliabideak darabiltzaten».

Michel Ramery industrialak Picardien eraiki duen 1.000 behiko ukuilu erraldoiak protestak eragin ditu aspalditik, manifestazio, bilkura "La vache en colère" (Behia haserre dago) bezalako bideo eta abarrez.  Kutsadura eta lege urraketak salatzen dituzten inguruko herritar eta udal agintariez gain, Conféderatin Paysannek ordezkatzen ditun baserritar txikientzako ukuilu hori da nekazaritzaren heriotzarako urrats berria. Behi horiek urrundik ekarritako elikagaiez bazkatzen dira, ez dute egun argirik ikusten, eta esneaz gain simaurra ekoizteko fabrikako piezak dira: simaurrarekin metanoa egiten dute industrialek eta metanoarekin sortutako elektrizitateak energia berriztagarrien primak jasotzen ditu diru publikotik. Horregatik marraztu dute behitegiaren kontrako kanpainako logoan behia errauskailu bihurturik.

Euskal Herrian badago dagoenekoz martxan Amiensekoa baino mega-ukuilu handiagoa: GEA Farm Technologiesek harro erakusten du Caparroson 1.800 behi dauzkan eta 4.000taraino eduki ditzakeen granja erraldoia.