argia.eus
INPRIMATU
100.000 sinadura baino gehiago, ikasleei hainbeste etxerako lan bidaltzearen kontra
  • 10 urteko semea, ia denbora librerik gabe eta estresak eraginda egunero bi-hiru orduz etxean eskolako lanak egiten ikusi du Eva Bailén madrildarrak. Eta aski dela uste du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko ekainaren 01a
Eskolatik bidalitako lan eskergak estresa sortu dio Eva Bailénen semeari.

“Ez nengoen eskolatik lanak bidaltzearen aurka, etxean zerbait egitea ona zela pentsatzen nuen, ikusten duzun arte zure semeak egunero negarrez bukatzen duela, ezin izan duela jolastu, ez dela zoriontsua”.

Gehiegizko etxerako lanen kontra sinadurak biltzen hasi da, eta 100.000 lagunek baino gehiagok babestu dute dagoeneko, El País egunkarian kontatu dutenez.

Bailénen esanetan, testu-liburuetako gaitegi eta ariketa guztiak bukatzeak ez luke izan behar helburua, eskola-orduetan ez dagoelako horretarako denbora nahikorik. “Lan gehiegi ematea frustrantea da umearentzat, gaindituta amaitzen du eta nekearekin ezin du ikasten jarraitu. Umearen errendimenduak okerrera egiten du”.

Koordinazio falta

Sarri entzun dugu kexa gurasoengandik: irakasleak ez dira koordinatzen eta azkenean, ikasgai batzuetatik eta besteetatik agindutako ariketaz beteta iristen dira ikasleak etxera.

Etxerako lanek aurkari asko dituzte: aisialdirako, jolaserako eta beste arlo batzuetan garatzeko denbora kentzen dutelako; ariketa errepikakorrak izan ohi direlako; ikastearekiko eta eskolarekiko jarrera ezkorra sortzen dutelako umearengan; sozioekonomikoki eta kulturalki maila baxuagoa duten familietan gurasoek maiz ezin dietelako seme-alabei lagundu, ikasleen arteko desoreka handiagotuz…

Aldekoek diote independentzia, ardura, autodiziplina eta ikasketa-ohiturak bultzatzen dituela. Baina hori beste modu askotan lor daitekeela erantzuten dute aurkariek.

Alabaren ariketak egiten zituen aita

Alfonso González irakasleak berriki onartu du alabari eskolatik bidaltzen zizkioten ariketa asko eta asko berak egin zizkiola, Lehen Hezkuntzan zegoenean.

Adibidez, etxera 10 zatiketa ekartzen bazituen egiteko, lehenengoa neskatoak egiten zuen, eta behin ziurtatuta ondo moldatzen zela, gainerakoak aitak bukatzen zituen. “Horri esker, nire alabak gitarra jo du, piraguismoan aritu da, kalera atera da jolastera, zoriontsu izan da… Orain Bigarren Hezkuntzan dago eta Bikain ateratzen jarraitzen du”.

Hain juxtu, hainbat ikerketaren arabera Lehen Hezkuntzan ez dago loturarik eskolako lanei eskainitako denboraren eta emaitza akademikoen artean.