argia.eus
INPRIMATU
100.000 sinaduratik gora Francisco Franco fundazioa legez kanpo uzteko
  • Francisco Franco fundazioa legez kanpo uzteko eskaria erregistratu zuen Espainiako Kongresuan Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak abuztu hasieran. Fundazioen legea aldatu eta giza eskubideak urratzen dituztenak legez kanpo uzteko eskatu zuten. Change.org webgunean 100.000 lagunek babestu dute eskaria.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 31

Alderdi gehienek bat egiten dute diktadorearen figura goraipatzeko sortutako fundazioak legez kanpokoa beharko lukeela. PSOE, Unidos Podemos, ERC, EH Bildu, Geroa-Bai eta Compromís-Equok iritzi hori dute behintzat.

Epaileen elkarteek ordea, memoria historikoaren legearekin fundazioa legez kanpo uztea zaila litzatekeela uste dute,"frankismoa inoiz ez delako legez kanpokoa kontsideratu modu irmo batean". Horregatik eskatu zuten abuztu hasieran fundazioen legea aldatzeko.

1976an sortu zen fundazio frankista, diktadorea hil eta urtebetera, bere memoria eta obra zabaltzeko.

Pazo de Meirás jauregiaren uda honetako eskandalua izan da azken arrazoia, baina diktaduraren biktimen iritziz “arazoa aspaldikoa da”. Diktadorearen senideek daukate Sada herrian dagoen jauregiaren jabetza, eta Galiziako Xuntak kultur interesa zuela esan zuenetik, hilean lau bisita antolatzera behartuta daude. Uda honetan bisitak Francisco Franco fundazioak kudeatzen dituela jakin da, “Francoren balioak goratzeko”.