argia.eus
INPRIMATU
100.000 sinaduratik gora EAEn frackinga debeka dadin eskatzeko
  • 30.000 hiritarren izenpea eskatzen zien legeak, baina aise gainditu dute langa. 103.589, hori izan da azkenean Fracking Ez plataformak Eusko Legebiltzarrera eraman duen sinadura kopurua. Bertan adierazi dutenez, "Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei ulertarazi nahi diegu gure jendarteak, orobat, frackinga gaitzesten duela, eta horretarako sinadura kopurua esanguratsua behar zen. Gaur hona ekarri duguna hilabeteotan kalean sumatu dugunaren isla da. Argi dago frackinga bezalako gai garrantzitsuei buruz jendeak erabakitzeko gaitasuna eduki nahi duela".

Unai Brea @unaibrea2 2014ko irailaren 13a
Jasotako sinadura kopurua modu sinbolikoan adierazi dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. (Arg.: Fracking Ez plataforma).

Bidaia luze bat amaitu da gaur Fracking Ez plataformarentzat. 2013ko otsailean egin zuten lehen saiakera, artean Fracking Ez Araba izenarekin, baina Eusko Legebiltzarreko mahaiak ez zuen onartu. Bigarrenean bai, ordea: joan den abenduan, Legebiltzarrak ontzat eman zuen Fracking Ez-ek aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea. Helburua, EAEko lurralde osoan haustura hidraulikoa teknika debekatuko duen lege bat eztabaidatua izan dadila Gasteizko parlamentuan.

Lehenbiziko hesia gaindituta, 30.000 sinadurak biltzeko lana zuten aurretik. Aise lortu zuten helburu hori, baina izenpe bilketa epea bi hilabetez luzatzea eskatu zuten,  Legebiltzarrera ahalik eta hiritar gehienen izenak eramatea gogoan. Behar zutena halako hiru eta gehiago eraman dute azkenik.

Ikusiko da orain, behin izenpeak jardun instituzionalaren makineria astunaren esku utzita, zer etekin ematen duen hilabeteotako ahaleginak. Gerta litekeenari buruzko analisiak argitaratu izan ditugu plaza honetan, ez dugu esandakoa errepikatuko (beheko artikulu sortak ondo laburbiltzen du orain arte gertatutakoa). Balio beza aztarna gisa –gaur jai giroan Legebiltzarrera joan direnen atsekaberako–, aste honetan bertan behin-behineko baliogabetzea ezarri diola Espainiako Konstituzio Auzitegiak Nafarroan haustura hidraulikoa debekatzen duen legeari, estatuko beste autonomia erkidego batzuetakoekin lehenago egin bezala.

Ez da zaila igartzea Gasteizko Legebiltzarrak halako lege bat onartuko balu, haren patua Nafarroakoaren berbera izango litzatekeela. Baina ez da gauza bera, ez denez, espainiar auzitegi batek lege bat baliogabetzea, edo norberak legea sortzeari uko egitea. Horixe izango da datozen hilabeteetan borrokaleku nagusietako bat frackingaren afera honetan. Bidaia luze bat amaitu da frackingaren aurkarientzat; luzeagoa izango da hastear dagoena. Eta, seguruenik, ez hain esker onekoa.

Gai honi buruzko aurreko artikuluak:

-Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ez du onartu frackinga debekatzeko herri ekimen legegilea (2013-2-5)

-EAEn frackinga debekatzeko herri ekimen legegilea aurkeztu dute berriz (2013-12-19)

-Frackinga debekatzea, helburu zaila (2014-5-16)

-Frackingari buruz ARGIAn argitaratutako artikulu guztiak