argia.eus
INPRIMATU
100.000 milioi

Mikel Aramendi 2023ko urriaren 24a
AEBetako presidente Joe Biden / Argazkia: nara.getarchive.net

1941eko martxoaren 11n, Etxe Zuriko bulego obaleko Resolute Desk mahaian eserita sinatu zuen Franklin D. Roosevelt AEBetako presidenteak Lend-Lease Act legea, hiru egun lehenago Senatuak onetsia, eta egun berean indarrean sartu zena. 

Bederatzi hilabete falta ziren Pearl Harborreko erasoaren biharamunean Estatu Batuak II. Mundu Gerran zuzenean murgil zitezen. Baina ordurako Ardatzeko potentziekin guduan ari zirenei (izatez, Erresuma Batuari eta Txinari; geroago sartuko ziren legearen esparruan Sobiet Batasuna eta gainerakoak) material militarra nahiz zibila mailegatzea edo errentan ematea zilegitzen zuen arau hark ezarriko zuen, benetan, AEBen parte-hartzearen hastapena. 

Indarrean egon zen 55 hilabeteetan, gaur egungo 600 mila milioi dolar baino gehiagoko balioa luketen material-transferentziak egitea ahalbidetu zuen Lend-Lease Act hark. Onuradun –eta, bide batez, zordun– nagusia (guztizkoaren bi heren, gutxi gora behera) Britainiar Inperioa izango zen; eta haren akabera ezin da tentuz ulertu egitate hori kontuan izan gabe. Ezta Bretton Woodsen hitzarturako sistema ekonomiko-finantzarioa edo Gerra Hotza bera ere. 

Duela 82 urtekoarekiko kidetasunak gutxi (eta desberdintasunak asko –eta ia guzti-guztiak, txarrerako–) zituela jakinik, baina harekiko paralelismoa iradokitzeak eman ziezaiokeen berotasunari muzin egin ezinik-edo, Resolute Desk hartatik bertatik zuzendu zitzaien ostegunean Biden presidentea estatubatuarrei, jasotasunaren antologiara pasatuko ez den hitzaldia (bere agintaldian egiten duen horrelako bigarrena) irakurtzeko... eta dirua eskatzeko. Diru asko: 100.000 milioi dolar paseak, jakitunek diotenez. Gerragintzarako baliabideak atontzeko, FDRk bezalatsu.  

Baina antzekotasunak hortxe bertan amaitzen ziren: Lend-Lease Act-a Kongresuan luzaz onetsita zeukan aurretiaz Rooseveltek 1941eko martxoan; Bidenek, aldiz, kaosean murgilduta dagoen Behe Ganbera errepublikanoari (eta edozein unetan eskuetatik joan liezaiokeen Senatuari) erregu/errieta egiteko jaulki zuen nagusiki bere hitzaldia. Ez zien esan Estatu Batuak gerran daudela jada, baina horixe zerien bere hitzei. Odola, beste nonbaiteko jendearena izango zela iradoki zien entzuleei; baina ez zien esan zergatik "Ekialde Ertainean hamarkadatako egoerarik onena" zutela iriztetik gerra-une erabakigarri batean leudekeela uste izatera pasatzeko hamar egun besterik ez diren behar izan. Ez zien azaldu zergatik hamahiru aldiz aipatu zuen Putin mehatxu ikaragarria zen, eta haren dezenteko antza duen (eta Bidenek presidente ere bihurtu zuen) Netanyahu aliatu estimagarria duten. 

Eta, batez ere, ez zien esan noiz, nola eta nork ordainduko duen faktura potoloa. Oraingoan, ez baita mailegua, ez errentamendua. Bidenek "inbertsio zuhurra" deitu bazion ere. 

Ordainetan, hori bai, hainbat belaunaldiz bakean bizi ahalko direla esan zien estatubatuarrei. Rooseveltek ez zuen inoiz halakorik hitzeman.