argia.eus
INPRIMATU
100.000 euro Ipar Euskal Herriko proiektuak finantzatzeko
  • Euskal Moneta eta Herrikoa elkarteek 100.000 euroko inbertsio funtsa sortu dute Ipar Euskal herriko proiektuak diruz laguntzeko. Funtseko euro kopurua, dagoeneko zirkulazioan dagoen eusko kopuruaren berdina da.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 16a
Urte hasieratik dago euskoa moneta zirkulazioan (argazkia: ttipi.net)

Euskoa urte hasieran jarri zen martxan, eta uste zena baino arrakasta handiagoa lortu du. Egun, 1.800 pertsonak eta 380 komertzio edo profesionalek baliatzen dute.

Euskal Herrian enplegua sustatzeko helburuz sortutako Herrikoa elkartearen erreserbetatik sortu dute 100.000 euroko funtsa. Bi elkarteetako ordezkariek asteazkenean jakinarazi dutenez, funtsaren laguntza eskuratu nahi dutenek euren proiektuak ekainaren 30a baino lehenago aurkeztu behar dituzte.

Euskoa erabiltzen dutenek hiru onura edukiko dituztela esan du Dante Sanjurjo Euskal Moneta elkarteko kideak, kazeta.infok argitaratu duenez: “Beren salerosketak egiteko moneta izateaz gain, euskoaren trukean eman dituzten euroekin lekuko ekonomia errealean txertatutako proiektuak eta bertako elkarteak laguntzen dituzte, eta orain, Herrikoaren funts honekin ere proiektu berriak sustatuko dituzte".

Halaber, funts horretatik finantziazioa lortu ahal izateko baldintza batzuk bete behar direla jakinarazi dute. Alde batetik, Euskal Moneta elkartearen helburuekin bat egin behar dute: euren proiektuek bertako ekonomia sustatu, euskara sostengatu eta ingurumenarekiko jasangarriak izan behar dute. Bestalde, Herrikoak dituen irizpideekin ere bat egin behar dute: ekonomikoki bideragarriak izatea eta juridikoki merkataritzako elkarte baten estatutua edukitzea.