argia.eus
INPRIMATU
10.000 lagun euskararen aurka Iruñean, iazko ikurrinaren aurkako manifestazioan baino gutxiago
  • Nafarroako Gobernuak euskararen esparruan daraman hizkuntza politika salatzeko manifestazioa egin zuten Iruñean joan den larunbat arratsaldean, besteak beste UPN, PP, PSN, Ciudadanos eta Voxek sostengatu zuten manifestazioa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko ekainaren 04a
Euskararen aurkako manifestazioa Iruñean. (Arg.: X. Letona) Euskararen aurkako manifestazioa Iruñean. (Arg.: X. Letona)

Nafarroako hiriburuan bazen ikusminik astean zehar manifestaziora joango zen jende kopuruaz: iazko ikurrinaren aurkakoan baino gehiago? Antolatzaileen arabera 30.000 lagun izan ziren eta Udaltzaingoaren esanetan 15.000, iaz bezala. Espazioaren okupazioa eta metro karratuak kontuan hartuta, Diario de Noticias-en ustez 9.400 izan ziren. Gara-ren arabera 9.600. Azken honek ohiko kontaketa egin zuen, lerroetan oinarrituta; iazkoan 16.000 pertsona kontatu zituen.

Kazetari honen aburuz ere, eta kopuru zehatzetan sartu gabe, aurtengoan askoz jende gutxiago zegoen. Manifestazioa Sarasate Pasealekuan dagoen Foru Legebiltzarretik atera zen eta Gazteluko Plazarainoko ibilbidea egin zuen, Oliveto Kondea kaletik barrena, gero Viana Printzea Plaza, San Inazio Kalea, Nafarroako Gorteak, Karlos III. eta Gazteluko Plaza.

Manifestazioa Gazteluko Plazara iritsi zenean, duela 15 minutu aterata ziren azkenak Legebiltzarretik. Aurreko manifestazioak ibilbide bera zuen, baina, guztiz bete zen eta burua Gazteluko Plazara iritsi eta handik denborara atera ziren azkenak Legebiltzarretik. Ibilbide laburra hautatu zuten oso agerian ez geratzeko, baina ez zuten lortu. Edozein modutan, 10.000 pertsona horren agerian ateratzea euskararen aurkako horren diskurtso gogorarrekin ez da txantxetakoa. Hala ere, bistan da oposizioari errazagoa zaiola ikurrinaren aurka ateratzea euskararen aurka baino.

Beste detaile esanguratsu bat, adinari dagokionez denetarik zegoen manifestazioan, baina jende heldua nagusi zen, 50 urtetik gorako jendea batez ere. Eta beste datu bat: UPN, Ciudadanos eta PPko buruzaki ezagunenak pankartan joan ziren, PSNkoak manifestazio barruan, ez bide zeuden oso eroso agerian.