argia.eus
INPRIMATU
10.000 lagun batu dira Baionan, pentsio sistemaren erreformaren kontra
  • Jarraipen zabala lortu du Frantziako Gobernuak martxan jarri nahi duen pentsio sistemaren erreformaren kontra egindako greba orokorrak. Mobilizaturik jarraitzeko determinazioa adierazi dute sindikatuek Baionako manifestazio bukaeran. Greba orokorrari eman beharreko segidaz erabakitzeko bilera egingo dute gaur sindikatuek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2019ko abenduaren 05
Pentsio sistemaren erreformaren kontrako manifestazioa, Baionan

Greba orokorraren deiak sostengu zabala lortu du Ipar Euskal Herrian. Mobilizazio jendetsu horren erakusleiho izan da goizean Baionan buruturiko manifestazioa. Antolatzaileen arabera, 10.000 lagun batu dira Emmanuel Macron Frantziako presidenteak martxan jarri nahi duen pentsio sistemaren erreformaren kontra (7.000 poliziaren arabera).

Nahiz eta jakin borroka gogorra izango dela, determinaturik agertu dira sindikatuak: “Badakigu gaurkoak ondoko mobilizazio batzuk beharko dituela: borroka segi dezagun batasunean, abiadura eta kopuru handian eta gaur baino indar gehiagoriekin”. Baliteke datorren astean asteartez berriro mobilizatzea. Greba orokorrari eman beharreko segidaz erabakiko dute gaur sindikatuek.

Pribatua eta publikoa, elkarrekin

Postariak, tren gidariak, industria sektoreko langileak, irakasleak, abokatuak, laborariak, ikasleak zein langabeak, aniztasun handia ikusi da gaurkoan Baionako manifestazioan. “Ni ez naiz bakarrik nireari pentsatuz mobilizatzen, guztiak hunkiko gaitu erretretaren erreformak eta orokorki, zerbitzu publikoen desagerpenak”, Donibane Lohizuneko Lydia Jean Masson postariaren arabera. Hain zuzen, erretreten sistemaren erreforma Macronek bideratu politika orokorrago baten barnean sartzen da: zerbitzu publikoaren desagitea. Logika orokor hau deitoratu dute bukaerako hitz hartzean: “Lan Kodigoa, funtzio publikoa, zerbitzu publikoak, langabezia asegurua eta gaur egun pentsioak… guztia gogorki erasotzen dabil Macron, desberdintasun sozialen emendioa areagotuz”.

Pentsioen indibidualizazioa

Pentsioen apaltzea ondorioztatuko luke Macronek aurkeztu erreformak. Hain zuzen, erretretei bideratu dirua Frantziaren BPGaren %14ra mugatuko du Gobernuak. Jakinda pentsiodunen kopurua azkarki emendatuko dela datorren urteetan, bai ala bai apalagoa izango da bakoitzari bideraturiko pentsioa. Laburbiltzeko, "elkartasun gutxiago eta pobrezia gehiago", sindikatuen hitzetan.

Puntutako sistema jarriko dute martxan eta hori da erreformaren aldaketa nagusietariko bat. Kezka handia sortzen duen sistema. Langileak puntu batzuk bilduko ditu bere lan bizitzan zehar, eta erretretara heltzen denean, puntu horiek euro bihurtuko dira, indize baten arabera. Kontua da puntu horiek ez dutela balio finkoa ukango eta erretretara sartzeko urtean daukan balioaren araberakoa izango dela langilearen erretreta heina. Egoera finantzarioa orekaturik mantentzeko helburuari segi finkatuko dute puntuaren balioa. Sindikatuen ustez, belaunaldien arteko elkartasunaren bukaera eta pentsioen indibidualizazioaren garapena ondorioztatuko luke kalkulu metodo berriak.

Gainera, pentsioa kalkulatzeko erreferentzia urteak ere aldatuko dira: hogeita bost urte hoberenak hartu beharrean, urte guztiei begiratuko zaie. Erretreta heinaren apaltzea ondorioztatuko du horrek ere.

Kapitalizazio sistemari bidea irekiz

Are gehiago, kapitalizazio sistema osagarri bati irekitzen dio bidea Macronen erreformak. Hau da, erretreta hartzen duenerako dirua gordetzeko aukera ukango du aktiboak. Oraingoz, aberatsenei mugatu du banaketa sistematik atera eta kapitalizazio sistemara pasatzeko aukera –hilabetean 27.000 euro gordin baino gehiago irabazten dutenei– baina erreformarekin, hilabetean 10.000 euro gordin baino gehiago irabazten duenari emango zaio aukera. Baina baliteke ondoko urteetan muga hori oraindik gehiago apaltzea eta beraz kapitalizazio sistemak behin betikotz tokia hartzea elkartasunean oinarrituriko sistemari.

Jarraipen handiko greba

Ipar Euskal Herriaren gisara, beste eskualdeetan ere jarraipen handia jaso du greba orokorrak. SNCF konpainiako AHT-n %90 geldirik dago, lehen mailako irakasleen %55 eta elektrizitatearen ardura duen EDF enpresako %49 dago greban, besteak beste. Guztira, erreformaren kontrako 180.000 manifestari zenbatu ditu poliziak goiz honetan, baina askoz gehiago izango dira arratsaldeko mobilizazioak kontutan harturik. Parisko manifestazioa 14:00etan abiatu da.