Astelehenean jarriko dira indarrean larunbatean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako neurriak. Horrez gain, espazio publikoan maskaren erabilera arautuko duela jakinarazi du Espainiako Gobernuak.
Konfinamendua urratsez urrats arintzeko lehen neurriak maiatzaren 2an jarri zituen indarrean gobernuak. Jarduera eta adinen arabera ezarritako ordutegi mugetatik kanpo 5.000 biztanletik beherako herriak geratu ziren soilik. Astelehenetik aurrera, 10.000 biztanle baino gutxiagoko herriek ere ez dute ordutegi mugarik izango. Pedro Sánchez Espainiako presidenteak jakinarazi die neurria erkidegoetako presidenteei, iganderoko bileran.
Maskaren erabilera
Igandean ere, María Jesús Montero eta Salvador Illa ministroek jakinarazi dute “hurrengo egunetan” gobernuak arautu egingo duela espazio publikoan maskarak noiz eta zer baldintzetan izango diren derrigorrezkoak. Gaur egun garraio publikoan soilik da ezinbestekoa maskaren erabilera. Ministroek aurreratu duten bakarra da arautzearekin “indartu” egingo dela erabilera.
Bigarren fasearen baldintzak
Larunbateko BOEn bigarren faserako neurriak ere argitaratu dira. Aldaketak ugari dago: hamabost lagun arteko taldeak elkarrekin irten ahal izango dute kalera, tabernek jendea barruan hartzeko aukera izango dute, ateak ireki ahal izango dituzte jatetxeek, saltoki handiek, zinema aretoek edo antzokiek, besteak beste. Segurtasun neurriak bermatzeko muga eta baldintza jakinak zehazten dira BOEn jarduera eta espazio mota bakoitzerako. Eusko Jaurlaritzak publikoki agertu du hurrengo astean lehenbiziko fasetik bigarrenera igarotzeko eskaria egingo duela.