argia.eus
INPRIMATU
10.000 biztanletik beherako dentsitate txikiko herrietan kalera ateratzeko ordutegirik ez
  • 10.000 biztanletik beherako eta kilometro karratuko 100 biztanletik beherako herrietan konfinamendua leunduko du Espainiako Gobernuak gaurtik aurrera: ordutegiak kenduko dira, etxe berekoek elkarrekin atera ahalko dute kalera eta taberna barrura sartu ahalko da, besteak beste. Hego Euskal Herrian 36 herri daude 5.000 eta 10.000 biztanleen artean, baina hiruri bakarrik ezarriko zaizkie neurri berriak, dentsitateagatik.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 22a
Argazkia: El Confidencial.

Baztan, Corella eta Azkoien izango dira kalera ateratzeko ordutegirik gabeko Hego Euskal Herriko lehen herriak. Aste hasierarako agindu zuen Espainiako Gobernuak neurria, baina ezusteko bat medio, ostiralera arte ez du BOEa argitaratu. Horrez gain, aurretik aipatu gabeko beste baldintza bat gehitu dio, kilometro karratuko dentsitatearena;  Hego Euskal Herriko herri gehienek ez dute betetzen.

Gainontzeko herrietan astelehenetik, maiatzaren 25etik aurrera jarriko dira neurriak, beren lurraldea bigarren fasera pasatzen bada, betiere. Ordutegiari soilik ez, ostalaritzako negozioei eta haurrei ere eragiten die lege berriak. Honakoak dira hartutako erabakiak:

Ez da ordutegirik izango baldintza horiek betetzen dituzten herrietan; neurri hori bertan erroldatuta daudenentzat edo bertan gutxienez hamalau egun daramatenentzat izango da. Dena den, sintomak dituztenei edo etxeko isolamendua egiten daudenei ez zaie neurri hori ezarriko.

Bestetik, haurrek ez dute etxeko bakar batekin atera beharko, etxeko guztiek elkarrekin atera ahalko dute. Tabernetan, barrura sartu ahalko da, edukieraren %40a bete arte. Gaueko tabernek itxita jarraituko dute.

Beilatokien kanpoan 25 pertsona batu ahalko dira, eta barruan hamabost. Eliza eta kultur aretoek edukieraren erdian zabaltzeko aukera izango dute.