argia.eus
INPRIMATU
10.000 bat ikaslek eskatu dute unibertsitateko matrikulak merkatzea eta bekak hobetzea
  • Doako unibertsitatea aldarrikatu eta EHUren erantzukizuna seinalatu dute 10.549 ikaslek, Unibertsitateko Indar Batasunak abiatutako sinadura bilketaren bidez.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 14a
Asteazkeneko UIBren agerraldia. UIB

"Doako unibertsitatera bidean, indarrak batu!" lelopean aurkeztu dituzte eskaerak asteazkenean Leioako Campusean hainbat ikaslek, “guztientzat, doakoa eta kalitatezkoa” izango den unibertsitatea helburu hartuta. Alde batetik, matrikulak merketu beharra azpimarratu dute: lehen matrikulazioen prezio berean birmatrikulazioak egitea, praktiken doako matrikulazioa eta masterren matrikulazio prezioa jeistea. Beste aldetik, etxebizitza eta garraio beken hobekuntza azpimarratu dute eta horrekin batera praktikaldiak soldatapekoak izatea.

Unibertsitateko Indar Batasuneko (UIB) kide batek ARGIAri azaldu dionez, asanbladetan antolaturik ikasle ugari aritu dira matrikulak merketzearen eta bekak hobetzearen alde lanean, eta horren “fruitua” izan dira lorturiko 10.549 sinadurak.

Mugimenduak berri eman duenaren arabera, egun ikasleen %65ak ezin dezake beka eskatu, eta esleitzen zaien erdiari ukatzen diote. Azken urteetako garestitze-prozesu orokortuaren testuinguruan egin dute doako unibertsitatearen aldeko aldarria. Unibertsitatea garestitzearen erantzule EHU dela adierazi dute: “Nahiz eta EHUren aurrekontuak urtez urte handiagoak izan, ez dugu prezioak jeisteko borondaterik eta asmorik ikusten”.

EHUk 2024an 531 milioi euroko aurrekontu proiektua dauka, pasa den urtean baino %7,38 gehiago. UIBek kritikatu du diru hori enpresekin akordioak egitera bideratzen duela unibertsitateak.

Hauteskundeak ate joka
EHUko hauteskunde kanpainaren erdian burutu dute sinadura bilketaren kanpaina, unibertsitateko “benetako egoera” zein den azaltzeko xedearekin. Azaroaren 26an izango dira errektorea aukeratzeko hauteskundeak, eta EHUko ikasle guztiek izango dute bozka emateko aukera.

Hauteskunde garaia unibertsitateak "bere burua zuritzen saiatzeko baliatzen duela" eta "ikasleok kontuan hartzen gaituztela irudikatu eta antzerkia egin nahi dute", kritikatu du mugimenduko kideak.

"Promesa faltsuen aurrean" baldintzak hobetzearen alde antolatzeko beharra nabarmendu dute asteazkeneko agerraldian. "Horrela bakarrik ordezkatuko dira gure interesak eta horrela lortuko da doakotasunera bidean aurrerapausuak ematea". Errektoregaiek jaramonik egin ezean mobilizatzeari ekigo diotela azaldu dute UIBeko kideek.