argia.eus
INPRIMATU
Osasun neurrien arintzea Ipar Euskal Herrian
1.000 pertsona elkartu ahalko dira maiatzaren 19tik aurrera kultur eta kirol ekitaldietan
  • Jean Castex lehen ministroak maiatzaren 10 gauean azaldu ditu Frantziako Estatuak COVID-19aren arauak malgutzeko emango dituen urratsak. Maiatzaren 19an zabalduko dituzte denda guztiak eta ostalaritzako terrazak, edukieraren %50arekin; kirol jarduerak hasiko dira lehentasunezko pertsonentzat eta publikoarentzat aire libreko jaialdiak eta kirol ikuskizunak baimenduko dituzte, mugekin. Ekainaren 9tik aurrera arauak gehiago malgutuko dituzte, besteak beste, 5.000 lagun elkartzeko ekitaldi kultural zein kirolekoak baimenduz; eta ekainaren 30ean etengo dute etxeratze agindua eta ez da elkartzeko gehienezko kopururik egongo. Baina 1.000 pertsonatik gorako ekitaldietan beharrezko izango da "osasun pasea" ekainetik aurrera: hau da, herritarrak ziurtatu beharko du txertatua dagoela, edo testean negatibo eman duela edo COVID-19 positibo izan dela duela 15 egun baino lehenago.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 11
Argazkia: Baionako Udala.

Le Monde hedabideak jaso ditu Castex lehen ministroak iragarritako xehetasunak. Maiatzaren 19tik aurrera denda guztiak eta ostalaritzako terrazak zabalduko dira, bakoitza bere baldintzekin.

Maiatzaren 19tik aurrera jatetxe, taberna, kafetegiek beren terrazen edukieraren %50 ireki ahalko dute, mahaietan gehienez sei lagun eta derrigorrean eserita elkartuz. Barrualdeek itxita jarraituko dute.  .

Denda guztiek ireki ahal izango dute, bezero bakoitzeko zortzi metro koadroko tartea mantenduz.

Kultur ekitaldietarako, zinema eta antzokiek publikoa hartu ahalko dute, baina beren edukieraren %35 betez eta gehienez 800 ikusle hartuz.

Liburutegi, museo, monumentu eta erakusketek pertsonako zortzi metro koadroko espazioa gorde beharko dute. Baimenduko diren jaialdi bakarrak aire librean eta eserita egingo direnak izango dira, eta hauetan gehienez %35eko edukiera eta 1.000 pertsonako ikusleria baimenduko da.

Kirol jarduerak

Aire libreko kirol azpiegituretan, jarduera mugarik gabe hasiko dute baina lehentasunezko kirolariek soilik. Lehentasunezkoak ez direnek, kontakturik gabeko kirolak soilik praktikatu ahalko dituzte, gehienez hamar laguneko taldetan. Ikusleei dagokienez, edukieraren %35eko bete ahalko dute eta gehienez 1.000 ikusle elkartu ahalko dira.

Estalitako kirol azpiegituretan, adibidez igerileku edo pabilioietan, lehentasunezkoak soilik hasi ahalko dira, batez ere eskoletako eta eskolaz kanpoko jarduerak. Ikusleei edukieraren %35 zabalduko zaie eta gehienez 800 ikusle elkartu ahalko dira.

Hiletak eta ezkontzak

Erlijio ekitaldietan eta udaletxeetako ezkontzetan, hiru aulkitik batean eseri ahalko da jendea. Aire libreko hileta ekitaldietan gehienez 50 pertsona elkartu ahalko dira.

Ekainaren 9tik aurrera malguago

Ekainaren 9tik aurrera terrazen edukieraren %100 erabili ahalko da, mahaietan gehienez sei pertsona elkartuta. Ostalaritzaren barrualdea ere erabili ahalko da, bere edukieraren %50ean. Tabernetan debekatuta egongo da barran ezer hartzea.

Komertzioak bezero bakoitzeko gorde beharko duen lekua zortzi metro koadrotik laura gutxituko da.

Zinema aretoek eta antzokiek beren edukieraren erabilera %35etik %65era igo ahalko dute.

Museo eta liburutegiek lau metro koadro gorde beharko dute ikusleko.

Aire librean eta eserita egiten diren festibaletan, edukieraren %65 erabli ahalko da eta gehienez 5.000 pertsona elkartu ahalko dira. Baina 1.000 pertsonatik gorako ekitaldietan osasun pasea beharko da.

Aire zabaleko kontaktuko kirolak denek egin ahalko dituzte, gehienez ere 25 pertsonako taldeetan.

Eraikin barruetan egiten diren kiroletan, kontakturik gabeko kirolak edonork egin ahalko ditu, azpiegitura horien edukieraren %50 erabiliz. Bai aire zabalean eta bai kirol eraikin barruetan, publikoarentzako edukieraren %65 irekiko da eta gehienez 5.000 pertsona elkartu ahalko dira. 1.000 pertsonatik gorako kirol ekitaldietan osasun pasea beharko da.

Hiletetan 75 pertsona elkartu ahalko dira gehienez, eta bai ezkontzetan zein elizkizunetan bi eserlekutik batean eseri ahalko da.

Ekainaren 30ean bertan behera geratuko da etxeratze agindua

Etxeratze agindua etetearekin batera, debeku gehienak eten egingo dira. Ostalariek guztiz ireki ahalko dituzte terrazak eta barrualdeak, baina eserita kontsumitu beharko da.

Ez da mugarik egongo ez denda, zinema, antzoki, museoa, liburutegi eta festa aretoetan.

Kontziertoak egin ahal izango dira, prefeturak zehaztuko duen gehienezko edukierarekin eta jarraitu beharko den osasun protokoloarekin. 1.000 ikusletik gorako kontzertuetan osasun pasea beharko da. Aire librean egingo diren jaialdiek pertsonako lau metro koadroko espazioa zaindu beharko dute eta gehienezko kide kopurua egongo da.

Hileta, elizkizun eta ezkontzetan ez da gehienezko mugarik egongo.

Kirolean, publikoak ez du gehienezko mugarik izango, eta osasun pasea beharrezko izango da 1.000 pertsonatik gorako ekitaldietan. Kirola aire librean edo azpiegituren barrualdeetan egiteko ez da baldintzarik egongo.

"Osasun pasea" eskatuko dute ekainaren 9tik aurrera ekitaldi jendetsuetan

Irakurleak errepasatu dezake gorago azaldutako zenbat egoeratan eskatuko zaion herritarrari "osasun pasea": 1.000 pertsona baino gehiago elkartzen diren ekitaldi orotan. Osasun pase hau osatzen dute hiru egoera hauetakoren baten ziurtagiriak: txertatuta egotearen ziurtagiria, testean negatibo eman izanaren ziurtagiria, edo COVID-19an positibo eman izana duela 15 egun baino lehenago. Hortik aurrerako xehetasunak lehen ministroak zehaztu beharko ditu.