argia.eus
INPRIMATU
1.500 parte hartzailetik gora bildu ditu Gazte Topagune Sozialistak
  • Urriaren 8a eta 12a bitarte gauzatu den Gazte Topagune Sozialistak parte hartzea altua izan du. Orain arte egindako ibilbidea ospatu eta aurrera begirakoan lanean jarraitzeko motibazioa agertu dute. Zentzu horretan, hainbat auziri buruz jarduteko baliatu dute topaketa.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 13a
Argazkia: Gedar

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaileak-ek (IA) deituta, Gazte Topagune Sozialista gauzatu da Altsasun. Urriaren 8ko ostiralez abiatu zen topagunea, eta asteartean, hilaren 12an, eman diote akabera. Parte hartze maila altua izan du topaguneak, antolatzaileen hitzetan milatik gora izan baitira bost egun horietan Altsasura gerturatutakoak.

Gedar.eus atariak jaso duenez, “antolakuntza komunistaren aldeko indarrak batzeko borrokan beste urrats bat” ematea izan da topaketaren xedea. Bost egunetarako antolatutako egitarauak askotariko hitzaldi, mahai-inguru, tailer, ikuskizun eta beste barnebildu ditu. Alor teorikoari lotutako ekimenak, mahai-inguru eta hitzaldiak, hainbat “auzi estrategiko” lantzeko baliatu dituzte; “besteak beste, krisi kapitalista, Euskal Herriko testuinguru politikoa, zapalkuntzei aurre egiteko metodologia, borroka ekonomikoa ikuspuntu sozialistatik eta askatasun politikoen aldeko borroka izan dituzte aztergai”, azaldu du Gedar-ek.

Topagunearen laugarren egunean egindako ekitaldi nagusian pozik agertu dira antolatzaileak. Hala adierazi dute bertan egindako irakurketan: “Topagune honetan egon den eduki politikoaren maila eta konpromiso militantea ezin dira ulertu azkenengo urteetan Mugimendu Sozialistak militantzia ereduaren inguruan egin duen lana kontutan eduki gabe. Zentzu horretan, azken urteetako ibilbidea eta lana ospatzeko espazioa izan da Altsasu egunotan”. Atzera begirakoa egiteaz gain, etorkizunera so ere jarri dira, gaur arteko bidean segiko dutela berresteko: “Bide horretan jarraituko dugu, komunismoa berriro ere gizateriaren askatasunerako indar erreal bihurtu dadin baldintzak jartzen, eta antolakuntza komunista esparru guztietara hedatzen”.

Ekitaldi nagusia osorik ikusi daiteke Gedar-en bideo honetan: