Ostegun honetan iragarri du asmoa Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta jakinarazi du, halaber, DBH 3 eta 4, eta Batxillergoa irailaren 15ean hasiko dituztela klaseak; Lanbide Heziketan irailaren 14tik aurrera hasiko dira.
Gainerako mailetan aurreikusi bezala ekingo diote kurtsoari, irailaren 7an. Uriartek jakinarazi duenez, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera. Klaseak presentzialak izango direla azpimarratu du, eta ez direla jarraituak izango Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.
Kutsatze kasuetan zer egin ere azaldu dute. Positibo diren haurrak eta langileak ez dira eskolara joango eta eskolan sintomak agertzen dituzten haurrak aparteko gela batera eramango dituzte eta familiarekin harremanetan jarriko dira. Ikaslearen kontaktu estuko eremuei testak egingo zaizkie orduan, izan ikastetxekoak edo familiakoak, eta berrogeialdia egin beharko dute.
Hiru kutsatze modu aurreikusi dituzte: "kontrolatuak" edo noizbehinkako kasuak, "konplexuak" edo noizbehinkako komunitate transmisioa eta "kontrolik gabeko" transmisio komunitarioa egotea. Hiru pertsonak baino gehiago kutsatzen badira, agerralditzat hartuko dute eta, aurreko kasuistikak aztertu ondoren, ez dute baztertzen, gela bat, lerro bat edo eskola bera ixtea.
Higienea ere bereziki zainduko da eta, besteak beste, Hezkuntza Sailak 500.000 maskara bidaliko ditu hilero ikastetxeetara. Ikasturtea hasi baino lehen, 800.000 maskara kirurgiko bidaliko dira. Ekainean kontakturik gabeko termometro digital bat banatu zen ikastetxe bakoitzean eta orain termometroen banaketa berria egingo da. Hilean 5.000 litro gel hidro-alkoholiko banatuko dira.
ELA sindikatuak salatu duenez, Jaurlaritzak ikastetxeetara bidaliko protokoloa "berandu eta gaizki dator", eta azaldu du dokumentu hori ez dutela langileen ordezkariekin partekatu eta adostu.
Uriartek adierazi duen 1.000 irakasleen kontratazioari buruz, zera ohartarazi du ELAk: "Ratio jaitsierarik ez da aurreikusten ordea, ez dakigu kontratazio horiek ze irizpideren baitan egingo diren, noiz egingo diren edo egingo diren ere: udara aurretik matrikulazio kopuruen arabera ikastetxe bakoitzari dagokion lanpostu kopurua itxita eta esleituta dauka jada sailak, 2 hilabete izan ditu hau aldatzeko eta ez du egin". Zehaztu du, gainera, "irakasle funtzionarioei buruz ari dela soilik, sukalde eta garbiketan, hezitzaileetan, irakasle laboraletan.. ez da aurreikusten plantila gehikuntzarik beraz".