argia.eus
INPRIMATU
Bangladeshen 1.000 hildako baino gehiago jada, 1984tik izan den industria istripu larrienean
  • Apirilaren 24ean ehungintza lantegiaren erortzeak 1.038 hildako utzi ditu orain arte Bangladesheko Dhaka hirian. Gorpu gehiago gera daitezke oraindik harri artean. 1984an Bhopaleko lantegi kimikoan 10.000 lagun baino gehiago hil zirenetik, industria istripurik larriena izan da.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 10a
Lantegia, istripua eta gero (Business Insider)

Itzalaldia gertatu zen, eta ustez, sorgailua berriro ere piztean gertatu zen hondamendia. The Guardianek azaltzen duenez, prezio baxuan material kaskarrak saltzen dituzten Europako eta AEBetako txikizkariak kolokan jarri ditu, haiek izan daitezkeelako zeharkako errudunak.

Bangladesheko Gobernuak, berriz, lantegiaren jabeei eta eraikitzaileei egotzi die errua, eraikitzeko garaian kalitate txarreko materialak erabiltzegatik. Besteak beste, harri, porlan eta adreilu eskasak. Halaber, beharrezkoak ziren baimenak ez lortzea leporatu die.

2.500 pertsona erreskatatzea lortu dute, baina oraindik ez dago desagertuen zifra ofizialik. Identifikatu gabeko 156 pertsona lurperatu dituzte, izan ere, salbatze lanetan aritu diren langileen arabera, identifikatze prozesua oso zaila ari da izaten gorpuen egoera dela eta.

Bederatzi pertsona atxilotu dituzte, horien artean, eraikinaren jabea eta lantegiko hainbat enkargatu.

Ez da kasu bakarra                                         

Bangladeshek istripu ugari izan ditu herrialdearen esportazioen %80-ko bolumena duen ehungintza industrian. Atzo bertan, zazpi hildako izan ziren beste lantegi bateko sutean, eta azaroan 112 zendu ziren antzeko gertakari batean.

Horregatik, Gobernuak 18 ehungintza lantegi ixtea erabaki du.