argia.eus
INPRIMATU
100 preso baino gehiago egon litezke gose greban Guantanamon
  • AEBen Kubako Guantanamo basean gutxienez 21 preso daude gose greban duela zenbait egunetatik, uharteko zenbait hedabidek argitaratu dutenez. Tratu txar fisiko eta psikologikoak pairatzeagatik eta, batez ere, euren erlijio ezberdintasuna errespetatzen ez duten erasoengatik ari dira protestan.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 21
Guantanamo baseko Delta esparrua (argazkia: usahitman.com)

Gose greban dauden presoen kopurua ez dago argi. AEBetako militarrek 21 lagun direla dioten arren, presoen abokatuek datu horiek ezeztatu dituzte, eta gose greban dauden presoak 100tik gora direla salatu dute. Basean atxilotuta daudenak guztira 160 direla kontuan hartuz, zifra handia da hori.

Zenbait arrazoirengatik hasi dute protesta presoek, euren abokatuek argitu dutenez. Baseak legez kanpo jarduten duenez, preso gehienen konfinamendua zehaztu gabe dagoela diote, eta haietariko asko epaiketarik gabe kartzelaratu dituztela. Bestalde, presoak kexu dira kartzelako guardiek behin eta berriz euren gelaxkak erregistratu eta Koranak, musulmanen liburu sakratuak, konfiskatu dizkietelako.

Greban dauden pesoetatik bi ospitaleraturik daude desidratazio larria dela eta, eta beste zortziri elikagai likidoak sartzen dizkiete, horrenbeste pisu galtzeak ekar dezakeen osasun-okertzea ekiditeko. Gualeb Al-Bihani preso yemendarra defendatzen duen abokatuak dio bere bezeroak 30 egun daramatzala greban, eta 10 kilo baino gehiago galdu dituela dagoeneko. Gainera, “osasun-laguntza ukatu egin zitzaion, diabetesa eduki eta bere egoera oso larria zen arren”.

Egoeraren larritasuna dela eta, hamabi abokatuk gutuna idatzi diote baseko komandanteari. Bertan, presoen osasun egoera larria (zorabioak, pisua galtzea, odol-isurtzeak) salatu dituzte, eta Korana konfiskatzeak “erlijio-sinesmenenganako errespetu falta” suposatzen duela esan dute. Preso gehienak musulmanak dira: Yemengoak, Afganistangoak edota Saudi Arabiakoak, kasu.

Hau ez da Guantanamoko baseko presoek gose greba egiten duten lehenengo aldia, hala ere. 2005ean ere izan ziren bi greba esanguratsu. Barack Obama AEBetako presidenteak legez kanpoko base militarra kenduko zuela agindu zuen 2009an; baina ez du oraindik halakorik egin.