argia.eus
INPRIMATU
100 migratzaile hil dira bi egunetan Mediterraneoan, Europar Batasunaren “indiferentziaren” aurrean
  • Mugarik Gabeko Medikuek salatu duenez Europar Batasunak daraman migratzaileen kontrako politikaren ondorioz dozenaka lagun hil dira azken egunetan Mediterraneo itsasoan. 2014tik 23.000 migratzaile hil dira Europa Mendebaldeko herrialdetara igaro nahian, erakundearen arabera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko apirilaren 07a
Mugarik Gabeko Medikuen arabera erreskatatuak diren pertsonen herena bakarrik doazen adingabeak dira. (argazkia: MGM / Andrea Monrás)

Europar Batasunaren "axolagabetasun onartezina" salatu du Mugarik Gabeko Medikuak (MGM) erakundeak, azken urteetan daraman migrazio politika definitzeko orduan. Datu beldurgarri bat ere eman du: bi egunetan 100 migratzaile baino gehiago hil dira Mediterraneo itsasoan itota, azken astean.

Apirilaren 2an 90 lagun hil ziren itsasontzi batean Europako kostaldera iritsi nahian zebiltzala, eta martxoaren 31n beste 11 aurkitu zituzten hilda itsasontzi puzgarri batean; horietako lau haurrak ziren.

MGBk salatu duenez, itsasontzi horretako gainerako 126 lagunak bueltan Libiara bidali zituzten. "Pertsona horiek Libiako infernutik ihes egin zuten eta dozenaka lagunen heriotzaren lekuko izan ziren, itsasoan noraezean hainbat egun egon ondoren. Egoera pentsaezin hori eta gero, Libiara bueltatu zituzten".

Zaindari libiarrak "entrenatu", zertarako?

Italia, Malta eta beste hainbat herrialdetako "negligentzia" ere salatu dute Mugarik Gabeko Medikuek. Izan ere, Europar Basuneko herrialdeak ez dira sartzen itsasoko salbamendu operazioetan eta Libiaren esku uzten dituzte horiek, baliabideak eman eta polizia libiarra entrenatuz. "Libiako kostaldeko zaindariei ematen dieten babesa dago heriotza eta giza eskubide urraketa askoren atzean", diote.

Akordioak Tripolirengan uzten du itsasoko salbamenduak egitea, baina migratzaileekiko indarkeria eta torturak nagusitzen direla diote. Hain justu, Alemaniak berriki erabaki du kostaldeko guardia libiarrei entrenamendurik ez eskaintzea tratu txar horiek direla-eta.

2014 urtetik 23.000 hildako zenbatu ditu MGMk Mediterraneoan itota. Itsaso horretako erdigunea, Afrikako Iparraldea Italia eta Maltarekin lotzen dituena, munduko arriskutsuenetakoa da orain, NBEren arabera, eta milaka hildako horiek askoz gehiago direla diote migratzaileekin lanean dabiltzan elkarteek.