argia.eus
INPRIMATU
100 hildako baino gehiago Beiruteko portuko leherketan
  • 100 hildako eta 4.000 zauritu inguru eragin ditu ezbeharrak, azken estimazioen arabera. Libanoko Gobernuak oraindik ez du zehaztu eztandaren jatorria. Larrialdi egoera eta dolua ezarri dituzte hiriburuan.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 05a
Leherketaren epizentroa. Argazkia: Al-Mayadeen

Eztanda handi bat jazo zen asteartean Libanoko Beirut hiriburuko portuan. Momentuz 100 bat hildako eta milaka zauritu eragin ditu ezbeharrak, baina kopuruak oraindik aldakorrak dira eragindako kalteen dimentsioa kontuan hartuta

Libanoko Defentsarako Kontseilu Gorenak, asteazken goizean egindako bileran, Beiruten gutxienez bi asteko larrialdi egoera deklaratzea ebatzi du. Beraz, militarrek hartuko dute hiria zelatatzearen ardura. Halaber, hiru eguneko dolu publikoa ere agindu dute, eta Beiruteko portuan gertatutako hondamendia ikertzeko batzorde berezia eratu dute. Leherketa hain handia izan zen, hiriburuaren zati batzuk astindu zituela. Eztanada gertatu eta handik kilometro batzuetara, adibidez, balkoiak erori, sabaiak jausi eta leihoak hautsi egin ziren. Herritar askok lurrikaratzat hartu zuen.

Marwan Abud Beiruteko gobernadoreak iragarri duenez, eztandak hiriaren erdiguneari eragin dio gehienbat. Gertaera “hondamendi nazionala" dela azpimarratu du. Hamad Hasan Libanoko Osasun ministroak jakitera eman duenez, orain arte 70 pertsonatik gora hil egin dira eta beste 3.700 baino gehiago zaurituta daude. Hildakoen kopuruak gora egin lezake zaurituen larritasunaren ondorioz.

Lehen minutuetan, leherketaren arrazoia ongarriak edo su artifizialak zeramatzan itsasontzi bat izan zela uste zen; hala ere, duela gutxi egindako txostenek, ofizialak ez izan arren, hainbat sodio nitrato tonaren eztanda izan zitekeela diote. Al-Mayadeen Libanoko kateak jakinarazi duenez, lehen datuen arabera, leherketa ez da eraso terrorista izan. Libanoko Barne ministroak azpimarratu duenez, guztiek “ikerketen emaitzen zain” egon behar dute leherketaren zergatia ezagutzeko.