Bostehun bat pertsona Bankiak Madrilen duen egoitzaren aurrean kanpaldian daude urriaren 22tik etxe kaleratzeeen aurka protesta egiteko.
Espainiako Gobernuak hipoteken legedia aldatzeko eta bankuak etxerik gabe geratzear daudenei hipotekak negoziatzeko aukera eskatzen ari dira. “Ez dugu alde egingo legedian aldaketak eman arte edo indarra erabiliz botatzen ez bagaituzte”.
Azken hori gertatzeko beldurra dute, izan ere, “poliziak gero eta bisita gehiago egiten dizkigu beldurra sartu nahian eta laster bidaliko gaituztela pentsatzen dugu”. Madrilgo Puerta del Sol plazatik gertu dagoen Celenque plazan daude eta gauak sutontzi baten ondoan, plastikozko karpa baten azpian eta auzotarrek emandako janaria janaz igarotzen dituzte.
Kexa hau fruituak ematen ari dela uste dute, izan ere “dagoeneko protestatan egon diren 15 pertsonari alokairu soziala edo etxebizitza ematearen truke zorra barkatzea lortu dugu”.
Zaila dutela badakite, baina hala ere baikor daude. Joan den astean Hipotekek Kaltetutakoen Aldeko Plataformak Kongresuan 700.000 sinadura aurkeztu zituen herri-ekimen legegilea martxan jartzeko tramitazioa abiatzeko eskatuz. Honekin hipoteken legedia aldatzea nahi dute, etxearen trukean zorra barkatzea eta etxegabetzeen ordez alokairu soziala ematea.