argia.eus
INPRIMATU
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste
  • Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die aurrekoei: garagardogintza. Bakedanoko bere lurretan ekoitzitako garagar eta lupuluarekin sortzen ditu Urederra Garagardoak.

Garazi Zabaleta 2024ko apirilaren 29a
David Ruiz de Galarreta, Artaxoako olibondoetan.

“2010ean hasi nintzen olibondoak landatzen, Artaxoan, baina proiektuan buru belarri 2016an sartu nintzen”. Olibondoak izan ezik, gainontzeko ekoizpen guztia Bakedanoko familiako lurretan egiten du Ruiz de Galarretak. “Ni bakarrik nago proiektuan, baina nire bikotekidearen laguntza handia jasotzen dut”, adierazi du.

Nekazaritzako ikasketak eginak zituen Ruiz de Galarretak, eta zenbait urtez nekazal sindikatu batean lanean aritu ondoren, bere proiektua martxan jartzeko gogoa sentitu zuen. Guztira hamabi bat lur hektarea lantzen ditu nafarrak. “Eskala txikian aritzen naiz, eta produktuei balio erantsia ateratzeko, salmenta zuzena egiten dut”. Ekoizpenaren zatirik handiena hurbileko merkatuetan, kontsumo taldeetan eta zuzeneko salmenta bidez ateratzen du, baina nekazarien zenbait saretan ere parte hartzen du, Hazialdekon eta Ekoalden kasu, eta Gipuzkoako Biolurreko okinekin ere harremana du. Eraldatzeko, olibak Cascanteko La Casa del Aceite errotara daramatza, ekologikoan egiteko aukera askorik ez baitu Nafarroan; eta, sagarrekin, berriz, Lodosako eraldaketa gune txiki batean egiten du zukua.

Urederra garagardoak

Berak ekoitzitako garagarrarekin eta lupuluarekin egiten du garagardoa, Bakedanon bertan eraiki duen lantegi txikian. “Ziklo osoa ixtea zen nire helburua, hori zen nire apustua”. 2019an hasi zen garagardogintzan, eta oraindik ikasten segitzen duela dio, baina gustua hartu dio honezkero. “Duela bi urte, bisita gidatuak egiten hasi ginen. Lantegi barruan eta lursailetan ibiltzen gara, lupulua ikustera ateratzen gara, garagardoaren elaborazio prozesua azaltzen dut…”.

Eskala txikiko ekoizpena izanik ere –edo agian horrexegatik–, hasieratik argi zuen Ruiz de Galarretak dibertsifikazioaren garrantzia, eta baita eredu ekologikoan ekoiztearena ere: “Argi neukan hasieratik, gauzak ongi egin nahi ditut”.